Donostia Zinemaldiko kideek, publikoak eta streaming bidezko ikus-entzuleek kandelei putz egin diete bart, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren inaugurazio ekitaldian. Loreto Mauleon eta Paco Leon aktoreen eskutik, lehiaketaren urteurrena izan da zeremoniaren ardatza, eta lehen ediziotik ekimena babestu dutenak omentzeko baliatu dute.

Santiago Tabernero zuzendariak iragarri bezala, komedia arinarena izan da ekitaldi osoan zehar gailendu den tonua egin da zeremonia. Mauleón eta León NODOko (albistegi frankista) pertsonaia bihurtu dituen bideo-muntaketa batean agertu dira publiko aurrean eta, horren ondoren, 1953an (Zinemaldiaren lehen edizioan) Goizaldi taldeko dantzari gisa parte hartu zuten lau emakume gonbidatu dituzte agertokira: Milagros Zatarain, Mariví Montes, María Arbizu Corpus eta Mila de Salustiano.

Edurne Ormazabal kazetariak –orain arte gala askotako aurkezle izan denak eta gaur egun Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zuzendari nagusia denak– hartu du hitza ondoren, eta Imaginatu Zinemaldia erakusketa bisitatzeko proposamena egin die ikus-entzuleei; uda osoan egon da erakusketa ikusgai Tabakaleran, eta hilaren 24ra arte luzatuko da, Zinemaldiaren 70 urteen ospakizun gisa.

Ostean, Cayetana Guillen Cuervo aktoreak nabarmendu egin du zinema espainiarrak presentzia handia izan ohi duela Zinemaldiko sail guztietan, eta Belén Cuesta antzezleak 2022ko FIPRESCI Sari Nagusia aurkeztu du Ryūsuke Hamaguchiren Drive My Car lanarentzat, FIPRESCI Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek aurtengo film onentzat jo baitute japoniarraren lana.

Zuzeneko musika Mikel Erentxun musikari donostiarraren eta Rocío Márquez flamenko-kantari andaluziarraren esku egon da; hala, Bronquio musikariarekin batera jo du Márquezek, Zinemaldiaren antolakuntzan parte hartu zuten baina duela gutxi hil diren lau pertsonari eskainitako in memoriam saio hunkigarriaren ondoren: Alfredo Knuchel, 1991tik 1992ra Hautespen Batzordeko kide izandakoa eta Alemania, Austria, Suitza eta Holandako ordezkaria 1993tik 2010era; Mariano Larrandia, Zuzendaritza Batzordeko kidea 1978an eta 1985ean; Tony Partearroyo, Hautespen Batzordeko kidea izandakoa 1993an eta 1994an; eta José Ángel Herrero-Velarde, 40 urte luzez Zinemaldiaren Zuzendaritza eta Hautespen Batzordeko kide gisa aritutakoa.

Halaber, Zinemaldiak ongietorria eman die Epaimahai Ofizialeko kideei eta publikoaren txaloak jasotzeko igo dira denak oholtzara: Antoinette Boulat casting-zuzendari eta zinemagilea, Tea Lindeburg zuzendari eta gidoigilea, Rosa Montero idazle eta kazetaria, Lemohang Jeremiah Mosese zinemagile eta artista bisuala, Hlynur Pálmason zuzendari eta gidoigilea  eta Matias Mosterin ekoizlea eta epaimahaiburu ofiziala aurtengo edizioan. Hain zuzen, Mosterinek hartu du hitza ekitaldian: “Komunitate zinematografikoa osatzen dugunok inoiz baino gehiago dugu intolerantziari aurre egiteko ardura, pentsamendu kritiko bizia baliatuz. Geure burua zalantzan jartzekoa eta gogoan izatekoa oker egoteko arriskua dugula beti. Donostia Zinemaldiko edizio honetan, elkartzeko eskatu nahi nizueke, askatasuna goraipatzeko ez ezik, ditugun kontraesanak aitortzeko eta desberdinak izanik ere hitz egiteko dugun gaitasuna ospatzeko ere bai”.

Sail Ofiziala lehiaz kanpo inauguratu duen Modelo 77 / Prison 77 filmaren aurkezpenarekin eman diote amaiera galari, Alberto Rodriguez filmaren zuzendaria eta Miguel Herran eta Javier Gutierrez aktore nagusien parte-hartzearekin.

Ekitaldia borobiltzeko pantailan agertu diren eta 70 zenbakia osatzen zuten bi kandela erraldoiri putz egiteko proposamena egin diete ikus-entzuleei galaren aurkezleek. Publikoak Zorionak zuri abestuaz erantzun dio gonbitari eta, ondoren, putz: datozenak beste hainbeste izan daitezelaren desiran.