Zuzendaria: Jabi Elortegi
Urtea: 2022
Herrialdea: Euskal Herria / Argentina
Saila: ZINEMIRA
Inoiz ihes egitea ezinbestekoa balitz, norantz bota lehenengo pausoa? kantatzen zuen Berri Txarrak talde ezagunak FAQ zoragarrian. Baina, galtzekorik ezer ez duzunean, garrantzia al du, benetan, helmuga bat hautatu beharrak? Ez ote da hobea ihes egitea, atzean utzi beharrekoak atzean utzi eta aurrera jotzea, bizitzak norberari emango dionarengatik harritzen uztea?
Horixe pentsatuko zuen Mikel (Joseba Usabiaga) protagonistak, Bermeo utzi eta Argentinarako bidea ekiteari heldu zionean, itsasoaz bestalde ere etxea topatuko zuela imajinatu gabe. Izan ere, luzea da Euskal Herriaren itzala eta oso lausoak haren mugak. Herria dira Bermeo, Idiazabal, Azkaine, Elizondo, Mugia edo Dima, baina baita Rosario, La Plata, Habana, Edinburgo, Paris, Boise edota Caracas ere.
Aireportutik helmuga duen herriraino eramango duen autobusetik jaitsi bezain laster bistaratuko du protagonistak tokiko Euskal Etxea. Bizitzaren txorakeriak: ihes egin nahi, eta bera baino euskaldun eta euskaltzaleagoa den errealitatearen kontra kolpatuko du burua. Mikelek urruneko osaba Cheloren gonbidapena onartu du, Argentinara lekualdatzearen truke, bertan lanean jarriko duelaren agindupean. Ordu gutxi batzuren bueltan ohartuko da, ordea, gizona apostuzale hitzontzi arduragabea besterik ez dela, eta hasiera batean salbatzailea zirudien eskaintza hori, heldulekurik gabeko promesa dela.
Orduan abiatuko da Jabi Elortegi zinemagile bermeotarraren ikus-entzunezkoaren korapiloa. Amuma Dolores (Itziar Aizpuru) ezagutuko dugu, anaiaren -Mikel protagonistaren osabaren- heriotzetik hamar urteko lozorroan egondakoa. Biloba txikiaren iritsierak amumaren oroitzapenak astinduko ditu, hura galdutako anaia dela pentsatzera iritsi arte. Emakumearen osasun egoera kaskarra dela eta, herri osoak bat egingo du 50eko hamarkadan eta bere jaioterrian –Bermeon– jarraitzen duela sinestarazteko asmo zoroan.
Estereotipo bonbardaketa bat, kolpe emotiboz jositakoa. Ederra da memoria galtzearena bezalako kontu bati umoretik heltzea eta, algarak eta negar-malkoak nahastuko dituen emozio zurrunbilo baten bidez, areto oso bat astintzea. Eta sentimenduak ernatzen trebeak dira Aizpuruaren eta Usabiagaren antzezlanak; begirada, keinu edota isiluneen soiltasunaz pantailaren mugak gainditzeraino.
Baina barreak beti bandera gisa. Azken finean, formula hori erabiltzeak hurbilduko dio istorioa publiko orokorrari… eta hori da tankera honetako film komertzial baten sortze-helburua. Joseba Usabiaga protagonistak filmaren aurkezpenaren harira aitortu duen bezala, “lan bat egiten denean jendeak lan hori ikus dezan egiten da”.