Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten euskarazko film laburren rallyaren 2022ko edizioa urriaren 21etik 23ra bitartean ospatuko dute, eta deialdian izena emateko epea urriaren 16ra arte egongo da zabalik.
Kameratoia euskarazko ikus-entzunezkoen rallyak 18.edizioa beteko du aurten. Paul Urkijo zinemagilea izango du gidari, eta aurreko urteetan bezala, parte hartzaileei doako gidoi-ikastaro bat eskainiko die die. Horretaz gain, iaz film onenaren saria irabazi zuen Iban del Camporekin batera, lehiaketaren epaimahaikide izango da.
Urriaren 21etik 23ra bitartean ospatuko dute Eskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatutako ekimena, festibalaren 45. urteurrenaren testuinguruan, eta parte hartzaileek 36 ordu izango dituzte antolakuntzak emandako gai baten inguruan film labur bat errodatzeko. Urkijok emandako ikastaroa bukatu ostean jakinaraziko dute gaia, Lekeiton bertan lehenengo, webgunean, gero. Igandean, urriaren 23an, eguerdia baino lehen entregatu beharko dituzte sortzaileek beren ikus-entzunezkoak. Deialdian izena emateko epea urriaren 16ra arte egongo da zabalik.
Normaltasuna bueltan
Kameratoiak pandemia aurreko dinamika berreskuratuko du eta partaideek herrian asteburu pasa egitera gonbidatuko dituzte. Izena ematen duten lehen 20 sortzaileek gau bateko egonaldia doan izateko aukera izango dute. Lehentasuna, aldiz, bi gaueko egonaldia urreikusten dutenek izango dute.
Film labur onenak 800 euroko saria jasoko du, eta Topaguneak antolatzen dituen DemaSA lehiaketan eta Laburbira zirkuituan parte hartzeko aukera izango du. Bigarren lan onenak, 350 euro jasoko ditu; bozka gehien jasotzen duenak, Publikoaren Saria irabaziko du.