Abian da San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundeak babestutako sari-banaketaren XI. edizioa. Espainiako produktoreen eta Film Commission desberdinen lana aitortzea du helburu, eta bost film arituko dira lehian hura eskuratzeko; hilaren 23an ebatziko dute irabazlea.

Eszenatoki bihurtzen diren hirietako filmaketekin negozio- eta enplegu-aukerak sortzen dituzte ikus-entzunezko ekoizpenek, eta lan hori saritzea du helburu Donostia-Gipuzkoa Film Commission sariak. Horregatik, 2021ko urriaren 1etik aurrera estreinatu diren eta nazio mailan produkzioaren zati bat gutxienez garatu duten fikziozko film luzeak galdegin dituzte hamaikagarren edizioa izango den honetara. Proiektu andanak erantzun zioten deiari, eta horietatik bostek igaro dute hautagaitzaren langa.

Alcarrás, Cinco Lobitos, Maixabel, Quién lo impide? eta Sis Dies Corrents, filmak izango dira aurtengo bost finalista eta sariaren irabazlea hurrengo epai-mahaiko kideen irizpideetan oinarrituta aukeratuko da: Maialen Beloki, Zinemaldiaren zuzendariordea, Meritxell Colell zuzendaria eta Eneko Sagardoy aktorea.

Grabaketa egin zen lekuaren balioak hoberen islatzen dituen film luzeak 7.000 euroko saria lortuko du ekoizlearentzat. Aurtengo edizioaren berritasunen artean, 2021ean EAEn grabatu den ikus-entzunezko ekoizleari aipamen berezia egingo zaio eta 3.000 €-ko ordainsaria jasoko du.

Urtero bezala, Donostia Zinemaldiaren baitan egingo dute sari-banaketa ekitaldia, irailaren 23an, eguerdiko 13:00tan.