Zuzendaria: Michelangelo Frammantino
Urtea: 2021
Herrialdea: Italia

 

Kobazuloaren barrenak

Il buco-ren hasiera minutuetan 60. hamarkadan, zuri beltzean emititutako pasarte bat jarriko zaigu. Bertan gizon talde bat igogailu batetan dago, eraikin handi baten kanpokaldean. Milango Pirelli dorrea da,  gizonek horren altu egotearen zirrara dute hizpide alaitasunez, kamera etengabe mugitzen ari dela. Telebista produktu estandarra da, eta Il Buco-n Michelangelo Frammantinno zuzendariak eszena honen justo kontrakoa eraikiko duenaren ohar gisa har genezake. Zeren gauza bat argi badago, Il Buco parametro propioko pelikula dela da, produktu estandarrekiko zeharo ezberdina. Eta grafikoki adieraziko zaigu, izan ere, telebistako emisio hortan pertsonaiak lurretik ehundaka metrotara igoko diren heinean, pelikulan lurretik behera, mendiko zulo baten barrenetan, egiten den bidaia ikusiko dugu.

Sinopsia bi lerrotan egin liteke: Italiako Calabriako ingurura espeleologia talde bat iritsiko da, iragan mendeko 60. hamarkadan, izugarri sakona den kobazulo batetara. Paraleloan, zonaldeko ahuntz-artzai zaharra bere bizitzako azken txanpan dago. Hori da dena, bi polo soil horiek baino ez ditugu izango gertakarien ipar-orratz gisa. Edonola, pelikulan zer gertatzen den ohiko galderaren erantzuna ez da errelebantzia handikoa izango. Beste edozein filmetan baino gehiago, nola kontatzen zaigun hortan dago pelikularen erabateko arima.

Michelangelo Frammartinoren ikusentzun ibilbidean museoetan eginiko bideo instalazioak daude, eta ez da harritzekoa, pelikulan ikuspegi plastikoari arreta gehiago jartzen diolaren sentsazioa dago arlo narratiboari baino. Hala, kontatzeko moldea plano estatiko luzeetan oinarritzen da, erabateko naturalismoa plazaratuz. Azaltzen diren pertson(ai)ek ez dute apenas elkarren artean hitz egiten eta esaten dituzten hitz apurrak ulertezinak dira. Pelikulak bere irudietan jartzen du bere ahalegin eskerga, eta etekina, aitortu beharra dago, nabarmena da, pelikula adierazkor eta lirikoa suertatzen baita.

Izan ere, erritmo naturalista, joera muturreraino obserbazionala edo trama ia hutsa izatearen aspektuak ez dira filmak planteatzen dituen erronka handienak. Pertsonaiekin enpatizatzea ia ezinezko izatea da ikusle gisa irekitzen zaigun kobazulo malkartsua. Espeleologo talde honen hartu-emanak ez dira erakutsiko, bere misioaren xede eta ardatzak arrotzak egingo zaizkigu eta batez ere, bere aurpegiak apenas azalduko dira eremuan, eta agertzen direnetan espeleologia kaskoaren argiak eratzen duen kontraargi bortitzaren itzalpean egongo dira. Zeharo desberdina da artzain zaharraren irudikapen bisuala, bere lehen planoa ohikoa izango baita filmean, baina bere heriotzaren prozesua dramatismo gabekoa da, naturaren pisua handiegia dela onartua duen subjektua bailitzan. Gizakiak sentipenez hustuta egongo dira, beraz, zelaien gainean dabiltzan behiekiko berdintsuak espektru dramatikoari dagokionean.

Izan ere, Il buco-ren protagonista natura dela uler genezake, hasiera batean era ahalik eta deshumanizatuenean ulertuta. Mendi erraldoi eta zelai berdeen plano izugarrietan gizakiak zomorroak dira, ama-lurraren tamainarekiko intraszendenteak; taldearen garraio diren furgoneta berdeek naturaren tenpluaren profanazio kutsua izango dute, eta behin zulo barruan sartuta, erabat tokiz kanpo somatuko ditugu Nixon eta Kennedy-ren arteko eztabaidaren inguruko aldizkariak, taldeak paperok erre ondoren zuloaren amildegitik barrena botatzen dituenak zuloaren sakontasuna behatzeko asmoz.

Edonola, filmeak aurrera egin ahala, naturaren eta gizakiaren arteko zubi gisa ere uler daiteke pelikula. Espeleologia taldea geroz eta barrurago sartzen doan heinean, harria eta gizakiaren arteko erlazio fisikoa harmonikoagoa bilakatuko da. Erabateko iluntasunean gazteen argi zirkularra era ederrean hasiko da eremu tarte horixkak sortzen pantaila beltzean. Bidaia ikusgarria bilakatuko da, eta bere azken terminoetan, kobazuloaren sakonenean emango dira irudirik esanguratsuenak. Are gehiago, Frammartinoren kamerak, espazio klaustrofobikoa bada ere, eremu sakontasuna aurkitzea lortzen du, zulo txiki batetan egingo dugun travelling zirraragarrian. Puntu hontarako giza gorputza eta harria elkarren osagarri somatzen ditugu.

Eta azken aspektu bat ere aipa dezagun, eremu poetikoenean sartuko gintuzkeena eta muntaia bitartez baliatzen zaiguna. Taldea zuloan zenbat eta sakonago, orduan eta ahulago egongo da gizon zaharra, lurraren barrenetan eragiteak bere egoera fisikoan oihartzuna izango balu bezala. Platonek esandakoaren kontra, zer gertatuko litzateke giza esentziaren funtsak kobazuloaren sakonenean baleude, eguzkipean egon beharrean?