Zinekluben eta tokiko zinema jaialdien lana zabaltzea eta elkarlana sustatzea helburu, irailaren 19an (asteartea), 2021-2022 denboraldian K Saria jaso duten lau film labur pantailaratuko dituzte, Trueba aretoan. ZINEAk sarrera bikoitza zozkatuko du!

 

2022an 50 urte beteko dituen Donostiako Kresala Zinekluba izan zen K SARIAK ekimenaren bultzatzaile nagusia, eta proiektura batu ziren laster Azkoitiko, Beasaingo eta Urretxu-Zumarragako zineklubak. Aurtengoan, Oreretako Ozzinema batu da taldera, eta lankidetzaren fruitu, jaialdi berriak ere erakarri dituzte egitasmora. Zinekluben eta tokiko zinema jaialdien lana zabaltzea eta elkarlana sustatzea helburu, aurten bederatzi festibaletan banatuko dituzte sariak, eta horietan goratutako lanak ikusgai jarriko dituzte Gipuzkoako hainbat herritan.

Bada,  Donostia Zinemaldiaren baitan, irailaren 19an, asteartea, Trueba aretoan atondu dute saioa. Emanaldia, 19:00etan hasiko da, eta 2021-2022 denboraldian K Saria jaso duten lau film labur pantailaratuko dituzte:

  • Ama? (Huhezinema) – lan-taldeko kideak bertaratuko dira, osteko solasaldian parte-hartzera
  • Mouse (Animadeba)
  • Eggvhild (Zinetika)
  • Feeling Through (Zeinu Hizkuntza Egindako Filmen Nazioarteko Zinema Jaialdia)

Bertaratu nahi dutenek, Donostia Zinemaldiko sarrera-zerbitzua erabiliz lo ditzakete gonbidapenak, eta ZINEA atariak ere emango du horretarako aukera. Sarrera bikoitza zozketatuko dugu: PARTE HARTU ZOZKETAN!

Lankidetza abaipuntu

K Sariak zineklub eta zinemaldien arteko lankidetzaren emaitza dira. Zinema komertzialetik harago doan eskaintza horretan sakonduaz, Zinematografia desberdinak zabaldu nahi dizkiote publikoari eta, aldi berean, jatorrizkoak ez dituzten beste eskualde batzuetara zabaldu nahi dute beren jarduna, publiko berrietara heldu asmoz.

K Sarien sorrerak Nazioarteko Zineklub Federazioaren Don Quijote sarietan du oinarria; honen bidez, zineklub desberdinetako kideez osaturiko epaimahai batek zinemaldi desberdinetako filmak saritzen dituzte. Donostiako Kresala Zineklubeko lagunei egokitu zitzaien iaz epaimahai horietako bateko kide izatea, Tarragonako REC jaialdian, eta esperientzia hari esker jabetu ziren gurean ere zinekluben arteko sarea indartzeak zuen garrantziaz. Pentsatu eta egin; etxera itzuli eta berehala jarri ziren lanean. 2019an ospatu ziten Euskal Herriko Zinekluben I. Topaketan ehundutako saretik tiraka, indarrak batu, antolatu eta K Sariak sortu zituzten.