Happyending Studioko kide diren Ángela Alonso Hernándezek eta Elena Pereak diseinatu dute irudia. “Ikus-entzunezko sorkuntzaren esparruko tresnetan zuzenean oinarritutako kanpaina grafikoa” abiapuntu, festibal bilbotarraren nortasunarekin zuzenean lotutako sorkuntza aurkeztu dute.
Azken urteotako joera jarraituz, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak artista bisual bizkaitarren esku utzi festibaleko irudi berriaren sorkuntza. Azaroaren 11tik 18ra bitartean ospatuko dute 64. edizioa, eta Bertan Rebeka Arce, Eider Corral eta Susana Blascori Angela Alonso Hernández eta Elena Perea artistak batu zaizkie. Happyending Studioko kide dira, eta argitu dute festibalaren esentzia nagusiarekin bat eginez, “lurralde berritzaileen bilaketa”, izan dutela abiapuntu.
“Ikus-entzunezko sorkuntzaren esparruko tresnetan zuzenean oinarritutako kanpaina grafikoa” planteatu dute bi sortzaileek, hala nola, “doikuntza- eta ikuspegi-kartak”. Forma geometrikoak, koloreak eta motiboak ditu ZINEBIren 64. edizioko kartel berriak osagai, eta “ikusizko pilula txikien bidez”, ikus-entzunezko iruditeria kolektiboan murgildu dira, lehiaketaren bizkarrezur diren film laburrei erreferentzia eginez: “batzuek eguneroko bizitzako uneak erakusten dituzte”, beste batzuek “lorpen pertsonal edo kolektibo handiak, aparteko uneak, akatsak edo porrotak”.
Happyending Studioa
2012an jaio zen estudio independente izaerarekin, Arte Ederretan lizentziatutako Alonso eta Perearen ekimenez. Bilbon du egoitza, eta diseinu grafikoan, ilustrazioan zein arte-zuzendaritzan dago espezializatuta.
Alonso Europako Diseinu Institutuan sormen sektoreko enpresen diseinu eta hazkundeari buruzko programa exekutiboaren parte izandakoa da, eta espazioen diseinua eta kontzeptualizazioa landu ditu bertan, hala nola Expo Zaragozako Euskadiko pabilioia edo Segoviako Akueduktuaren Interpretazio Zentroa.
Pereak Londresko UALen eta Parisko Cake Design estudioan osatu zuen bere prestakuntza, eta Hennessy, Le Royal Monceau, Roger Pradier, McDonald’s edo Azkuna Zentroarentzat diseinatzaile grafiko gisa ere aritu da.
Bi artistek diseinatzaile lana irakaskuntzarekin uztartzen dute, IED Kunsthal Bilbaon.