Festibala urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean gauzatuko dute, eta dagoeneko sail ofizialean lehiatuko diren hainbat lan ezagutarazi dituzte. Paul Urkijo arabarrak zuzendutako bigarren film luzeak abiatuko du 2022ko edizioa, urriaren 28an.
Urriaren 6tik 16ra ospatuko den Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztuko ondoren, VIII. mendeko garai historiko ilunean girotutako Irati filmaz gozatzeko aukera egongo da Donostian. Izan ere, urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean egingo den Beldurrezko Zinemaren 33. Astea irekiko du Urkijoren lanak, eta ostean, azaroaren 18an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.
Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komiki ezaguna du Irati-k oinarri, ikuspegi “ilun eta epiko batera eramanda”. Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkaratek jarriko dira bikote protagonistaren azaletan, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatuko dute aktore-zerrenda.
Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta izen ezagunak ageri dira ere talde-teknikoa osatzen duten profesionalen artean: Gorka Lazkano –Errementari filmean ere aritutakoa- da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomez aritu da argazki-zuzendari lanetan; eta Akelarre (2020) filmerako sortutako doinu bikainei esker Goya saria irabazi zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik sortuko dute musika. RTVE eta EiTBren partaidetza du ekoizpenak, eta Filmax enpresak arduratuko da banaketaz zein nazioarteko salmentez.
Sail ofizialaren aurrerapena
Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia Antzokian eta hiriko beste hainbat agertokitan gauzatuko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astea. Eta horietan, ikusgai izango dira egitaraua osatuko duten filmak. Gaur bertan, sail ofizialean lehiatuko diren film luzeen lehen aurrerapena egin du festibalak. Jarraian zerrenda:
- American Carnage (Diego Hallivis, AEB)
- Fumer fait tousser (Quentin Dupieux, Frantzia)
- The Lair (Neil Marshall, Erresuma Batua)
- Mad Heidi (Johannes Hartmann, Suitza)
- Project Wolf Hunting (Kim Hongsun, Hego Korea)
- Shin Ultraman (Shinji Higuchi, Japonia)
- Vesper (Kristina Buožytė eta Bruno Samper, Lituania-Frantzia-Belgika)
- Viejos (Rául Cerezo eta Fernando González Gómez, Espainia)
- Wolfkin / Kommunion (Jacques Molitorm Lucenburgo)