Donostia Zinemaldian euskarak izango duen presentzia “gordin eta kezkagarria” salatu du Pantailak Euskaraz egitasmoak. Elkarretaratzea egingo dute ostiralean, ekitaldiaren irekiera galaren atarian, PANTAILAK EUSKARAZ, GURE ESKUBIDEA lelopean.

Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoen mundu zabalean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek iazko ekainean sortu zuten mugimendua da: Disney+Euskaraz, Netflix euskaraz, Zinemak Euskaraz, Tinko Euskara Elkartea, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea. Haien helburua pantailetan euskarak duen presentzia biderkatzea da, euskarak etorkizun osasungarri bat izateko funtsezkoa dela uste baitute ekimenaren sustatzaileek.

Bada, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren berehalako iritsieraren harira, kultur ekitaldi honetan euskarak duen presentziaren inguruko irakurketa partekatu dute. Datorren ostiralean, hilaren 16, emango diote hasiera Euskal Herrian ikus-entzunezkoen alorrean urteko gertakizun garrantzitsuena denari (emanaldi zein ikusle kopuruan, eta bertako nahiz nazioarteko oihartzun mailan, besteak beste), eta bere programazioan hartuko dituen 600 emanaldi inguruak banan-banan aztertu ondoren, azaleratutako datuak “gordin bezain kezkagarriak” direla ondorioztatu dute:

Izan ere, 573 emanalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 5 emanaldik izango dute, eta elebidun edo hiru eledunak direnak beste 11 izango dira. Euskarazko azpidatziak izango dituzten saioak, berriz, 37. Eta euskarara bikoiztuta, haurrentzako 5 saio egongo dira. Hau da, orotara, emanaldien %10,1 izango da euskaraz, eleanitza, edo euskarara azpidatzita. Kontuan izan behar da Zinemaldiko araudiaren 6. artikuluak  emanaldi guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpidatziekin ikusi ahal izatea ezartzen duela, baina ez dio ezer euskaraz ikusteko aukera bermatzeari buruz. Beraz, emanaldi guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpidatziekin eskainiko dira.

Ondorengo zerrendan laburbildu dituzte datuok:

– SAIL OFIZIALA: 109 emanalditik, 0 euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.

– NEW DIRECTORS: 63 emanalditik, 12 euskarazko azpidatziekin.

– HORIZONTES LATINOS: 50 emanalditik, 2 euskarazko azpidatziekin.

 – ZABALTEGI: 102 emanalditik, 16 euskarazko azpidatziekin.

– PERLAK: 82 emanalditik, 4 euskarazko azpidatziekin.

– NEST: 18 emanalditik, 2 euskaraz.

 – CULINARY ZINEMA: 14 emanalditik 2 euskarazko azpidatziekin.

 – MADE IN SPAIN: 31 emanalditik, 0 euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.

 – ZINEMIRA: 19 emanalditik, J.B. elebiduna/hirueleduna 8, J.B. euskaraz 2.

– HAUR ZINEMA: 5 emanalditik, 5 euskarara bikoiztuta.

– ATZERA BEGIRAKOA (Claude Sautet): 32 emanalditik, 6 euskarazko azpidatziekin.

– BELODROMOA: 6 emanalditik, 1 euskaraz.

– KLASIKOAK: 5etik 0.

– Ekitaldi bereziak, sari banaketa galak eta gainerako atalak: 37tik, 4 J.B. elebidun.

 

Ez da legedia betetetzen

Ekimenaren usteetan, nekez uler daiteke hainbeste diru publikorekin ospatzen den ekitaldi honetan, bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, euskarak, eta beraz, euskaldunok, horrelako diskriminazioa jasatea. Halaber, salatu dute zinemaldiaren hautuak euskararen erabileraren normalizaziorako legearen hainbat artikulu urratzen dituela: 10/1982 Legeak, bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio “Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino”, besteak beste, zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan (25. artikulua). Pantailak Euskarazek ozen salatu du egoera.

Elkarretaratzerako deia

Donostiako Zinemaldia Euskal Herrian ospatzen den ikus-entzunezkoen zita handiena da, eta honen inaugurazio ekitaldira Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko kultur arduradun nagusiak bertaratu ohi dira. Hau dela eta, Pantailak Euskaraz-ek, erakunde hauei euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko pausoak eman ditzaten eskatzeko, elkarretaratzea deia zabaldu dute du ostiralerako. Irailaren 16an, 19:30etan, Donostiako Kursaal parean batuko dira PANTAILAK EUSKARAZ, GURE ESKUBIDEA lelopean. Pantailetan euskarak bizi duen egoera tamalgarriarekin kezkaturik dagoen herritar orori luzatu diote bertan parte hartzeko deia.

Zinemetan, zinema jaialdietan, telebistan zein plataformetan euskaldunok bizi dugun diskriminazioarekin amaitzea erakundeen ardura dela uste dute ekimenaren sustatzaileek eta, bide horretan urrats nabarmenagoak eman ditzaten eskatu diete administrazioei: Euskal Herrian bertan irizpideak ezarri daitezen zinemaldien hizkuntza betebeharrei dagokienez eta telebista publikoan euskara lehenesteari dagokionez; euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratutako aurrekontua handitzea eta euskarazko bikoizketarako dirulaguntza lerro berriak sortzea; eta zinema aretoetan hizkuntza kuotak ezartzea, filmen erdia, gutxienez, euskaraz, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eman daitezen. Halaber, Zinemaldiaren arduradunekin elkartu eta datorren urtera begira euskararen presentzia nola areagotu daitekeen aztertu eta proposamen ezberdinak egiteko prest agertu dira ere.