Paul Urkijo arabarrak zuzendutako bigarren film luzeak Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian lehiatu ostean izango du estreinaldi komertziala.
Euskal Herriko mitologiaren parte diren pertsonaia eta izakiak, ezpata-borrokak eta Euskal Herriko paisaia ezagunak. VIII. mendeko garai historiko ilunean girotua dago filma, eta Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komiki ezaguna du oinarri, ikuspegi “ilun eta epiko batera eramanda”.
2021eko azaroan bukatu zituzten filmaketa-lanak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Huescako hainbat lekutan, besteak beste, kokaleku enblematiko historikoetan, hala nola Loarreko gazteluan eta Arrikrutz, Leize eta Pozalaguako kobazuloetan. Postprodukzio prozesu luze baten ostean, datorren urriaren 6tik 16ra ospatuko den Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztuko du lana, eta hilabete geroago, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan egongo da ikusgai, azaroaren 18tik aurrera.
Jarraian filmaren nondik norakoak: VIII. mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarreko jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Bizitza ematea suposatuko dion odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzea lortuko, baina lehenago, Eneko semeari hitz emanarizko dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.
Urte batzuk beranduago, helburu zehatz batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, Karlomagnoren altxorrarekin batera modu paganoan lurperatuta dagoena. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.
Beti kontatu nahi izan duen istorioa
Zuzendariak azaldu du beti kontatu nahi izan duen “Erdi Aroko abenturazko film fantastikoa” dela: “Liluratu egiten nau euskal mitologiak, eta Irati kondairen mundu ilun eta liluragarri horri egiten diodan omenaldi epikoa da. J.L. Landaren eta J. Muñozen “El ciclo de Irati” nobela grafikoko pertsonaietan modu askean inspiratu naiz, baita beste euskal kondaira eta gertakari historiko batzuetan ere, hala nola Orreagako guduan”.
Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkaratek jarriko dira bikote protagonistaren azaletan, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatuko dute aktore-zerrenda.
Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta izen ezagunak ageri dira ere talde-teknikoa osatzen duten profesionalen artean: Gorka Lazkano –Errementari filmean ere aritutakoa- da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomez aritu da argazki-zuzendari lanetan; eta Akelarre (2020) filmerako sortutako doinu bikainei esker Goya saria irabazi zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik sortuko dute musika.
RTVE eta EiTBren partaidetza du ekoizpenak, eta Filmax enpresak arduratuko da banaketaz zein nazioarteko salmentez.