Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren LANABESAK laguntzaren ebazpena argitaratu du Gipuzkoako Agiri Ofizialak. Hamaika ikus-entzunezko proiektuk jasoko dute ekoizpenerako zein hedapenerako diru-babesa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak ikus-entzunezko proiektuen ekoizpena eta zabalkundea sustatzeko onartu zuen Lanabesa izeneko diru-laguntzen araudia 2017an. Hizkuntza berritzaileen eta ikuspegi berrien erabilera sarituko zituen deialdiak, baita Gipuzkoako lokalizazioen erabilera eta bertako talde tekniko eta artistikoen parte-hartzea ere. Horiez gain, Euskararen erabilera eta emakumeen presentzia ere kontuan hartuko zituen, baita egileen ibilbide profesionalak ere.

Bada, bost urteren bueltan, deialdiaren edizio berri bat aurkeztu zuten udaberrian eta, eskarak jasotzeko epea igarota, iragarri dute honen ebazpena. Ekoizpen fasean dauden proiektu orok izan du sarbide deialdira, beti ere, 60 minutu baino gehiagoko iraupena eta ikuslego orokorraren aurrean eskaintzeko helburua baditu. Halaber, ekonomikoki bideragarria den proiektua dela frogatu beharko zuten arduradunek, horretarako gastu eta diru sarrerak kontuan hartuko dituen aurrekontu orekatu bat aurkeztuz.

Diruz lagunduko diren jarduerak ikus-entzunezko proiektuaren edozein produkzio eta /edo hedapen fasetakoak izan zitezkeela zehaztu zuten oinarrietan, betiere estreinatu lana baldin bazen. Bada, deialdira aurkeztu diren proiektu mordoen artean hamaika hautatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduak, zeinak aurtengo abenduaren 31ra bitartean burutu beharko dira. Ekoizpenak epe hori gainditzen duen proiektuetan, deialdiari dagokion jarduera baino ez da eskatu beharko, eta gauzatze fase gisa identifikatu beharko da.

Ondorengoak dira diruz-lagundutako lanak:

  • SULTANAREN AMETSA (Sultana Films SL)
  • ANEKUMEN (Apellaniz y de Sosa SL)
  • ZIKUÑAGAKO AMA (Zazpi T’erdi Koop. Elk. Txikia)
  • KORRI, KURU, KORRI (Ricardo Ramon Gonzalez)
  • A LOS LIBROS Y LAS MUJERES CANTO (Txintxua Films SL)
  • SUBSUELO (Kowalski Films SL)
  • ITOIZ UDAKO SESIOAK (Doxa)
  • MIRANDE (La Tentación)
  • ITSAS EMAKUMEAK (Estibaliz Ortolaiz Emparan)
  • BLACK IS BELTZA II: AINHOA (BIB2 AINHOA AIE)
  • HEZURRAK (Maluta *Films – Zinea Sortzen)

Irakurri ebazpena osorik, hemen.