Sormena erabiliz, 10-16 urte arteko gazteek istorioak kontatzeko aukera izango dute, ikus-entzunezko lengoaia erabiliz. Lanak bidaltzeko azken eguna urriaren 5a da. Guztira, bi mila euro banatuko dute saritan.
Arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta sustatzeko asmoz, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Arnasetik bideo-sormen lehiaketa sortu dute. Udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ikasleak deitu dituzte parte hartzera, eta sorkuntzak urriaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dituzte. Ideia zoroak, politak, interesgarriak… denak dira baleko.
Lehiaketa hiru kategoriatan banatu dute: LH5 eta 6 mailetako ikasleek bigarren hezkuntzarako aldaketak berarekin dakartzan “emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak” islatu beharko dituzte haien sormen lanetan, formatu librean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia…). Bestalde, DBH 1 eta 2 mailetako sortzaileek Julen Portilloren bideoa eredu hartuta, bideo-tutorialak egin beharko dituzte. Azkenik, DBH 3 eta 4 mailetako ikasleek Hiru Damatxok ekoiztutako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean.
Sariak
Kategoria bakoizteko lan irabazlearen egileak 500 euroko saria jasoko du. Ikus-entzuleen bozka bidez erabakiko den publikoaren sariaren hartzaileak ere 500 euro irabaziko ditu. Hartutako dirua Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.
Informazio gehiago, hemen.