Getariarren historia eta istorioen ubera, itsasoari begira egon dena, jaso duen Itsasoak pizten gaitu dokumentalaren estreinaldia egingo dute ostiralean, irailaren 2an, 21:30etik aurrera, Bista Ona plazan. Beñat Gereka izan du zuzendari eta ekoizle Txikota Komunikazioa buru duen proiektuak.

Astelehen goizean aurkeztu zuten Itsasoak pizten gaitu dokumentala. Getariako portua izan zen dokumentalaren itsasoratzearen testigu eta bertan izan ziren dokumentalaren zuzendari eta ekoizlea, Beñat Gereka; Haritz Alberdi, Getariako alkatea; Ion Irurzun, Elkano Fundazioko zuzendaria; Fernando Saenz de Ugarte, Dantzazeko zuzendaria; eta Gurutze Izagirre, Berriako kazetaria. Guztien eskuhartzeari esker sortu dute lana.

Dokumentalak mendeetan Getariak izan duen nortasuna azaleratu nahi du. Itsasotik sortutako herria. Itsasoari begira egon dena. Itsasoak biziberrituko duena. Bizitzeko, sentitzeko, harremantzeko, maitatzeko modu bat. Herri izaera bat. Berezia eta bakarra. Getariarena. Euskaldunona. Iragana, oraina eta etorkizunak bat egiten dute ikus-entzunezkoan. Transmisiorako olatua. Hura hartu eta ondorengoekin batera norabide berean hartu nahi den olatua.

Itsas-munduarekin harremantzera bultzatu nahi du ikus-entzulea. Itsasoa oso zabala dela eta guztiok bustitzen gaituelako. Itsasoa balorean jarri nahi da, emakumeen egoera iluna argitara eman, etenik gabeko balio katea dela azaleratu, aldaketa sozio-ekonomikoa, artea… Itsasoa ardatz hartuta gizartean dauden arrakalak bistaratu eta ura bide egokia hartzera eraman.  Finean, itsasoak bizi gaitu. Itsasoak biziberrituko gaitu. Zer egin herria itsasora begira jartzeko?

Bada, honela laburbildu du Beñat Gereka zuzendariak ikus-etzunezkoa sortzeko bidea: “Herriko kaleetatik itsasora egindako bidaia bat izan da. Neuk ere, getariarra izan arren, ez nuen portuko bizitzaren berri. Itsasoak ordea adar ugari bustitzen ditu eta guztiekin irudi osatuago bat eskaini nahi nuen. Hori horrela, itsasoa arrantzatik, genero ikuspegitik, historiatik, migraziotik, gastronomiatik edota artetik begiratzen saiatu naiz.”

Estreinaldia

Datorren irailaren 2an, ostiralean, egingo dute estreinaldi saioa, gaueko 21:30etatik aurrera, herriko Bista Ona plazan.