Bilboko Azkuna Zentroaren programazio-ildoekin lotura duten proiektuak galdegin zituen Babestu programak hilaren hasieran. Hilabete inguru igarota, 2022-2023ko deialdira zuen zinema eta ikus-entzunezko proposamenak bidaltzeko azken egunak dira honakoak, irailaren 4ra bitartean mantenduko baitute inskripzio-epea.

Babestu programa sorkuntza sustatzeko deialdi gisa sortu zuen Azkuna Zentroak 2020an, tokiko testuinguruko artistek eta kultura-eragileek COVID-19aren krisiak eragin ahal izan dituen prozesuak eta ikerketak garatzen jarrai dezaten ahalbidetzeko. Haren bidez, sorkuntza eta kultura garaikidearen laguntza eta hedapena sustatu nahi izan zituzten, esperientzien, ideien eta ikuspegien trukea indartuz, eta hurbileko sorkuntza-sarea zabalduz, diziplina eta zeharkako dimentsioetan.

Bada, programak jarraipena izan zuen 2021ean, eta izandako arrakastaren ondorioz, hirugarren deialdia sustatu dute aurten. Bada, praktika artistikoei heltzeko modu berriak esploratzen dituzten eta Azkuna Zentroaren programazio-ildoekin (ikusizko arteak, zuzeneko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, kultura garaikidea eta komunitateak) bat egiten duten proiektuak galdegin dituzte, eta, guztira, bost hautatuko dituzte.

Hala, artisten zerbitzurako tresna izango da aurten ere Babestu programa, eta Azkuna Zentroan garatu beharko dira proiektuak, 2023ko urtarriletik abendura bitartean: gutxienez, 3 aste, eta gehienez, 3 hilabete artean. Ostean, aurkezpen publikoa egin beharko dute sortzaileek.

Proposamenak bidaltzeko azken egunak dira aste honetakoak, irailaren 4ra bitartean egongo baita epea zabalik. Eskaerak Azkuna Zentroko web orrian egingo dira eta honakoak bidali beharko dira: harremanetarako datu pertsonalak, hautagaiaren CVa eta biografia, proiektuaren inguruko azalpen txostena zein dosierra, motibazio-gutuna eta aurkezpen bideo laburra.

Balorazio Batzorde batek -Azkuna Zentroko lantaldeko kideek eta arte-sektorean ibilbide aitortua duten profesionalek- proiektuak aztertzeko eta baloratzeko ardura izango dute, horien eduki artistikoa, kalitatea eta bideragarritasuna, AZ-ren baliabideetara eta espazioetara egokitzeko gaitasuna etab. kontuan hartuz. Erabakia 2022ko urriaren 24tik aurrera jakinaraziko dute.

Ezagutu deialdiaren baldintzak, hemen.