Emad Aleebrahim Dehkordi zuzendariaren Chevalier noir eta Luis De Filippis zuzendariaren Something You Said Last Night filmek osatuko dute New Directors sailaren eskaintza. Aldiz, Carla Simónek Zabaltegi-Tabakaleran erakutsiko du Carta a mi madre para mi hijo film laburra.
Ekimen erraldoiaren prestaketarako azken egunak dituzte Donostia Zinemaldiko arduradunek, eta etenik gabe, tantaka, dihardute programazioa osatuko duten film eta xehetasunak aurkezten. New Directors eta Zabaltegi – Tabakalera atalen azken inkorporazioak iragarri dituzte gaurkoan; hartara, 15 dira zinemagileen lehen edo bigarren filmak erakutsiko dituen sailean parte hartuko duten film luzeak, eta, aldiz, 23 izango dira mostrako sail esperimentalenean lehiatuko diren lan luze zein laburrak.
Chevalier noir Emad Aleebrahim Dehkordiren (Teheran, 1979) lehen film luzea da, baina aurretik zuzendu ditu zenbait film labur: 1388-Undo (2010), Phill (1390) (2011), Lower Heaven (2017) edota Cavalière (2020). Filmak bi anaien, eta baita biztanle guztien, biziak irensten dituen Teheran hiriaren istorioa kontatzen du.
New Directors sailarekin bat egingo du ere Luis De Filippisen (Toronto, 1990) Something You Said Last Night proposamenak, aurki ospatuko den Torontoko jaialdiko Discovery sailean mundu-estreinaldia izango duena. Pelikulak emakume trans gazte baten urratsak jarraituko ditu: izan ere, lanetik kaleratua izan ondoren bere familia italiar-kanadarrarekin oporretara joango da protagonista.
Azkenik, Carla Simónek (Bartzelona, 1986) lehiaz kanpo parte hartuko du Zabaltegi-Tabakaleran Carta a mi padre para mi hijo film laburrarekin. Zinemagileak bere familiari egindako omenaldi “partzialki fikziozkoa baina guztiz zintzoa” izendatu du bere lana, eta eta Veneziako Mostrako Giornate degli Autori atalean estreinatuko du iraila hasieran. Simónek Estiu 1993 (2017) filmarekin egin zuen debuta film luzeen zuzendaritzan (Made in Spain sailean hartu zuen parte bere lehen lan horrek), eta aurtengoan Donostian izango da, film laburraz gainera, Alcarràs (2022) film luze saritua aurkezten.