Aritz Ganboa artzainaren bizipen eta ideietatik abiatuta sortutako fruitua da Xabier Unanuak ondutako Bideak (2021) dokumentala. Legazpiko Kultur Etxeko Areto Nagusian emango dute ostegunean, irailaren 1ean, 19:00etatik aurrera.
Artzain baten jatorritik abiatzen da Bideak. Gazta bat soinean, nafar mendietan barrena korrika erronka batean murgilduko da Aritz Ganboa artzaina, bere arbasoen herriak lortu asmoz: Sakanako Arruazutik Erronkariko Izabaraino. Artzaintza ardatz hartuta, ibilbide horretan zehar hamaika ahots eta lekukotza jasoko ditu, guztiek helburu bera dutelarik: landa eremua eta kultura balioan jartzea eta landa eremu bizi bat aldarrikatzea, hiriaren eta landa eremuaren arteko zubiak eraikiz.
“Nire istoria ez da nirea soilik, gurea da, herriarena, herritarrona. Artzaintzari eta gizalditan lurrari lotuak eginiko bizimoduari esker daukagun oinordetza da. Mendeetan gure trebetasunak neurtu eta garatzeko egindako erronkek sortu dute guregan kirolarekiko grina eta horrela uztartu ditugu denboran zehar lanerako eta kirolerako joera gure herrietan barna. Izan zirelako gara eta garelako izango dira! Beraz, erronka honetan bere burua islatuta aurkituko duen jende ugari egongo da zalantzarik gabe, hala nola jende ugari horien bizipen eta istorio pertsonal askori esker otu zait niri ere historia hau”, azaldu du Aritz Ganboa protagonistak, zeina filmaren sortze idearen jabe eta honen gidoilaria ere baden.
Bada, natura eta landa eremuari gorazarre egitea izan zuen sortze helburua, eta aisia eta kirola izan ditu horretarako tresnak. Bizi duen lurraldeak eskaintzen dituen aukerak ezin hobeak direlako horrelako jardueretarako; azpimarratu nahi du landa eremuan bizi direnek, abeltzain zein nekazariek, ezinbesteko eragina dutela ingurunearen mantentze eta kudeaketa lanetan, baina mendi inguruaren ustiapen ludikoa egiten dutenek ere bere gain hartu beharreko ardura dela.
Gazta bat soinean daramala, erronka jarriko dio bere buruari. Bakarrik egiterik izango ez duen bidea: Arruazun Idiazabal J.I. duen gazta bat egin eta mendian zehar korri eginez Izabaraino eramango du bizkarrean, Pirinioak zeharkatuz etapa bakar batean, bertako artzain batek eginiko Erronkariko J.I. duen gazta batekin elkartzeko helburuarekin.
Erronka 2019ko urrian egikarizatu zuen, eta bidean gertatutako guztiak bildu zituen dokumentalean, Xabier Unanua zuzendariaren eskutik betiere.
Emanaldia Legazpian
Dokumentala Legazpiko Kultur Etxeko Areto Nagusian emango dute ostegunean, irailaren 1ean, 19:00etatik aurrera. Gipuzkoako Artzain egunaren baitan antolatutako saioa izango da, eta Aritz Ganboa protagonistaren parte-hartzea izango du. Izan ere, filma aurkezteaz gainera, proiekzioaren ostean egingo den solasaldian parte hartuko du egileak.