Osasun krisiaren ondorioz bi urtez etenaldia egin ondoren, Belodromoko emanaldiak berreskuratu egingo ditu Donostia Zinemaldiak 70. edizioan. Aurrez iragarritako hiru mundu-estreinaldien aurkezpenetan, zuzendariez gain, dagozkien lantalde artistikoetako pertsona ugarik parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Belodromoak ateak irekiko ditu berriro, zinemaren eta musikaren munduko protagonista ospetsu ugarirekin. Irailaren 17an, larunbata, gertatuko da itzulera. Zehazki, 20:00etatik aurrera egingo duten Sintiendolo mucho / Feeling It aurkezpenarekin. Fernando Leon de Aranoak Joaquín Sabina kantautoreari buruz egindako dokumentalaren estreinaldian, gainera, Sabina bera eta Leiva musikaria izango dira zuzendariarekin batera.

Hilaren 18an, igandean, aldiz, Rainbow filmaren aurkezpena egingo dute 20:00etatik aurrera. The Wizard of Oz (Ozeko Aztia) film klasikoari Paco Leonek egindako begirada horren emanaldira, zinemagilea bera, musikaren arloan esperientzia duten eta filmeko aktore-zerrendako beste aurpegi batzuk bertaratuko dira: Carmen Maura, Carmen Machi, Luis Bermejo eta Hovik Keuchkerian, besteak beste.

Amaitzeko, Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Black is beltza II: Ainhoa bere animaziozko filma aurkeztuko du irailaren 23an. Muguruza bera eta Jone Unanua ekoizlearekin batera, pertsonaiei ahotsa jartzen dieten hainbat aktore ere bertaratuko dira: Maria Cruickshank, Itziar Ituño, Antonio de la Torre, Ariadna Gil eta Darko Peric.

Film bakoitzerako sarrera indibidualen prezioa 8,25 eurokoa da eta saio bakoitzeko lau sarrera eros daitezke. Erosketa bakar batean hamar edo gehiago erosiz gero, %25eko deskontua aplikatuko da.

Eskuratu sarrerak, hemen.

Beste saio osagarri batzuk

Mundu mailako hiru estreinaldi horiez gain, Belodromoak ohikoak dituen beste saio hauek ere berreskuratuko ditu: Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa; ezagutza zientifikoarekin lotutako eta ikastetxeei zuzendutako film baten emanaldia, astelehenetik ostiralera, Donostia International Physics Center (DIPC) erakundearen eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan; eta Zinemaldiaren azken egunean egingo den saioa: Klausura Ekitaldiaren, Sail Ofizialaren amaierako filmaren (oraindik iragartzeke) eta Perlak sailaren amaierako filmaren (Brett Morgenek zuzendutako Moonage Daydream) emanaldiekin.