Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko 24. Erakustaldian lehiatu nahi duten sortzaileek azken egunak dituzte beren lanak atondu eta antolatzaileei helarazteko. Abuztuaren 31n zehaztu dute epe-muga, edozein gai eta generotakoa 20 minutura arteko film laburrak jasotzeko.
Pasaiako Udalak eta Trintxer Kulturalak antolatuta, IKUSKA Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko 24. Erakustaldia azaroaren 12tik 19ra bitartean egingo dute herrian. 20 minutura arteko film mutu zein soinudunak galdegin dituzte, betiere, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak, eta edozein gai edota generotakoak.
Lanak abuztuaren 31ra bitartean aurkez daitezke, eta bi aukera daude horretarako. Batetik, jaialdiaren webgunean ahalbidetu duten izen-emate fitxa betez; horrez gain, esteka bat erantsiko da film laburra bistaratzeko eta/edo Vimeo, Wetransfer, Drive, Dropbox eta abarretik deskargatu ahal izateko. Bestalde, Click For Festival eta Festhome bidalketa-plataformak erabili daitezke.
Aurkeztutako lanen zuzendariak 18 urtetik gorakoa izan beharko dute, eta filmak euskaraz edota gaztelaniaz errodatuta egon behar dira. Hala ez balitz, ezinbestean, bi hizkuntzotako azpitituluak gehitzeko eskatu dute antolatzailek. Behin betiko aukeraketa garian, film laburra euskarazkoa edo gaztelaniazkoa ez balitz, aukeratuak izateko azpititulurik gabeko kopia bat aurkeztu beharko da, baita elkarrizketen zerrenda bat ere, gaztelaniaz edo ingelesez azpitituluak ezartzeko.
Ezagutu deialdiaren oinarriak, jarraian.
Hautaketa-batzordeak erabakiko du aurkeztutako lanen artean zeintzuk parte hartuko duten sail ofizial lehiakorrean, eta zeintzuk erakusketa atalean. Sariak propio izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu, eta azaroaren 19an egingo duten Amaiera Bilkuran banatuko dituzte.
Guztira, zortzi izango dira:
– IKUSKA 2022ko film labur onena: 1.200 euro
– Zuzendari onena: 600 euro
– Gizonezko Antzezle onena: 500 euro
– Emakumezko Antzezle onena: 500 euro
– Epaimahaiaren Sari Berezia: 500 euro
– Ikusleen Saria: 500 euro
– Gazteen Saria: 500 euro
– MINTZAGUN Saria 600 euro
Izen-ematea gauzatzeko bideak, hemen.