Hamazazpi filmek –hamahiru film luzek eta lau film laburrek– osatuko dute euskal zinemaren ordezkaritza Donostia Zinemaldiaren 70. Edizioan. Zinemira saria, aldiz, teknikarien kolektibo osoari eskainiko zaio, Txema Areizaga elektrikariaren figurak pertsonalizatuta.

Fermin Aio, Izaskun Arandia, Jabi Elortegi, María Elorza, Fernando Franco, Alberto Gastesi, Mikel Gurrea, Xuban Intxausti, Ander Iriarte eta Fermin Muguruza zuzendariek aurkeztutako proiektuak lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Sarirako. Baina horiek baino film gehiagok osatuko dute 2022ko Donostia Zinemaldiko euskal filmen ordezkaritza: hamazazpi proiektu izango dira orotara, hamahiru film luze eta lau film labur.

Zinemira, euskal zinemari berariaz eskainitako saila, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute. Irizar eta EITB dira babesleak, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteen eta Zineuskadiren laguntza du. Edizio honetan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film ditu. Horietako lau, Zinemaldian mundu-estreinaldia izango dutenez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste sei lanekin batera. Horrela, guztira hamar ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria lortzeko filmaren ekoizlearentzat edo ekoizleentzat.

El vasco Argentinarekin egindako koprodukzioaren mundu-estreinaldiak Zinemira inauguratuko du. Jabi Elortegik (Bermeo, 1969) zuzendu du Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru eta Eduardo Blancok antzeztutako komedia dramatiko hau. Izaskun Arandia (Tolosa, 1972) ekoizle eta gidoigileak, aldiz, bere lehen film luzea aurkeztuko du: My Way Out.  Lan dokumental honek Londresen kokatutako filmaren izen bereko klubaren historia berrituko du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez.

Bestalde, Xuban Intxaustik (Donostia, 1980) Bakearen Aldeko Koordinakundea kolektibo bakezalearen historia eta printzipio etikoak arakatuko ditu Gesto lanean, artxiboko irudien eta egungo adierazpenen bidez, taldearen hiru hamarkadako ibilbideari buruzko hausnarketa bultzatzeko.

Karpeta Urdinak filmean, Ander Iriarte zinemagileak (Oiartzun, 1986) ikerlan bat abiaraziko du bere aitak komisaldegi batean torturak jasan situenaren susmoak oinarri dituela. 1960tik 2014ra bitartean gure herrian izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren emaitzak ezagutarazten ditu egileak, baita Istanbulgo Protokoloa ere.

Halaber, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian izango dira, baita ere, Sail Ofizialean jada iragarrita zeuden bi film –Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) Suro, Fernando Francoren (Sevilla, 1976) La consagración de la primavera–, New Directors saileko pelikula bat –Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto (Gasteiz, 1988)– eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa, Belodromoan estreinatuko dena.

Lehiaz kanpo ere bai

Beste hiru filmek osatuko dute Zinemiraren programazioa, baina lehiaz kanpo hartuko dute parte, Donostiako emanaldien aurretik estreinatu direlako: Alauda Ruiz de Azuaren (Barakaldo, 1978) Cinco lobitos izango da horietako bat, Berlin, Seattle eta Karlovy Varyko zinema-jaialdietan hautatua izan eta Málagako jaialdiko sari nagusiak irabazi ondoren sailari amaiera emango diona –Espainiako Akademiak ere Oscar sarietan parte hartzeko finalista izendatu berri du–; 918 gau, Arantza Santestebanena (Iruñea, 1979), Ikusmira Berriak egoitzan garatu eta WIP Europatik igaro ondoren, Lisboan eta Torinon saritua izan dena; eta Bi arnas, Jon Mikel Fernández Elorzena (Donostia, 1983), torturen ondorioak jorratzen dituena Iratxe Sorzabalen eta bere amaren istorioaren bitartez.

Halaber, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko dute Kimuak programako bi film laburrek: batetik, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, Cinéma du Réel jaialdian estreinatu ondoren emango dena, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas, Cannesko Semaine de la Critique ataletik igarotakoa. Bestalde, euskarazko bi euskal ekoizpen lehiatuko dira NESTen, zinema ikasleen film laburren lehiaketan: UPV/EHUko Nagore Muriel Letamendiaren (Villabona, 2000) Erro bi eta Elías Querejeta Zine Eskolako Mikele Landa Eigurenen (Bilbo, 1995) Noizko basoa.

Zinema-areto batean emango ez badira ere, Zinemaldian beste euskal ekoizpen batzuk ere egongo dira, proiektu-fasean dauden lanak, etorkizuneko filmak, hain zuzen: Helena Tabernaren Nosotros egitasmoa, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan; Karmele, Asier Altunarena; Una ballena, Pablo Hernando Esquisabelena; eta Baleazaleak, Baltasar Kormákurrena (izan ere, nazioarteko inbertitzaile eta talentu-ordezkarien eta tokiko ekoiztetxeen arteko lehen topaketan hartuko dute parte horiek, Spanish Screenings ekimenaren esparruan). Irati Gorostidik, aldiz, Anekumen bere proiektua aurkeztuko du, Ikusmira Berriak egonaldi-programaren bidez industria zinematografikoko ordezkarien aurrean egingo duen agerraldian.

Euskal zaporedun galak

Ohi bezala, fokua euskal produkzioetan jarriko duten bi ekitaldi nagusi izango dira Zinemaldiaren programazioan. Irailaren 20an (asteartean), Euskal Zinemaren Gala izango da Victoria Eugenia Antzokian. Bertan, Gelditasuna ekaitzean Alberto Gastesiren (Donostia, 1985) lehen lana estreinatuko da, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi protagonista dituen amodiozko istorio bat.

Egun bat geroago, toki berean, EiTB Gala ospatuko da. Bertan, Kepa Junkera protagonista duen Berpiztu aurkeztuko da, 2018an iktus bat jasan zuen musikari bilbotarraren lehengoratzearen eta hark utzitako ondarearen inguruko film luze dokumentala, Fermin Aiok (Algorta, 1973) zuzendutakoa.

Zinemira saria: Txema Areizaga, in memoriam

Zinemira Saria, Euskal Zinemaren Galan banatzen dena, Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko golardoa da. Bada, aurtengoan, Zinemaldiak eta ekoizleen elkarteek teknikarien kolektiboari omenaldia egitea erabaki dute, profesional anonimo horien lanik gabe euskal zinema ezinezkoa izango bailitzateke; iaz hildako Txema Areizaga elektrikarien buruak pertsonalizatuko du kolektibo hori.

Areizagak, Argilun Iluminación enpresa gipuzkoarraren gerenteak, Ke arteko egunak (Antxon Eceiza, 1990) filmarekin hasi zuen bere ibilbide profesionala zineman, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen euskarazko lehen filmarekin, hain justu. 1991n Argilun enpresa sortu zuen, eta konpainiak ehun filmetan hartu du parte, hala nola hauetan: Vacas, La ardilla roja, Lasa y Zabala, Negociador, Loreak, Ocho apellidos vascos, Amama, Oreina, El hijo del acordeonista, 70 binladens, Nora eta La trinchera infinita. Areizagaren azken lana Sitgesko Zinema Jaialdian estreinatuko den Irati izan zen.

Aurreko edizioetan Zinemira saria eskuratu duten beste profesional batzuk: Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztanbide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramón Agirre (2018), Jose María Txepe Lara (2019), Sara Bilbatua (2020) eta Kimuak programa (2021).

Euskal ordezkaritza izango dena ezagutaraztearekin batera, euskaraz ikusi ahal izango diren filmen zerrenda zabaldu dute ere. Kontsultatu, hemen.