Anna R. Costak sortutako telesailak bost atal izango ditu. Aurkezpen ofiziala irailaren 20an egingo dute, Kursaal 2 aretoan, 70. Donostia Zinemaldiaren baitan.

Movistar Plus gala-zinea

Cristina Moralesek idatzitako Lectura fácil eleberrian oinarritutako lana da Fácil, Anna R. Costak Movistar Plus + plataformaren enkarguz sortutakoa. Herralde Eleberri Saria eta Narratiba Sari Nazionalak irabazi ditu liburuak, eta orain, Donostia Zinemaldian ikus-entzunezko hizkuntzara egindako egokitzapena aurkeztuko dute.

Hain zuzen ere, Movistar plus+ Galan ikusiko du proiektuak lehenengoz argia, Kursaal aretoan egingo duten saio berezian. Irailaren 20an izango da, eta udazkenean egongo da plataformaren harpidedunen eskura.

Sandra Hermidak ekoitzi du, eta Natalia de Molina, Anna Castillo, Anna Marchessi eta Coria Castillo ditu protagonista. Aniztasun funtzionala duten eta La Barcelonetako etxebizitza batean elkarrekin bizi nahi duten lau emakumeri buruzko istorioa kontatuko du telesailak, bost ataletan: Margak, Natik, Patrik eta Ángelesek beren nortasuna aldarrikatu nahi dute aurretik beraiek nortzuk diren zehaztuta dituen munduari kontra eginez.

R. Costak Movistar Plus+ plataformarako sortutako bigarren lana da Fácil. Izan ere, 2018an, Donostia Zinemaldian bertan aurkeztu zuen Arde Madrid, Belodromoan.