Hamahiru film luzek, film ertain batek eta zortzi film laburrek osatuko dute estilo edo denborarik ezartzen ez duen Donostia Zinemaldiko sail irekiena. Tartean, KIMUAK 2022 programaren parte diren Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola) eta Cuerdas (Estibaliz Urresola) erakutsiko dituzte.
Berlin, Cannes, Venezia eta nazioarteko beste hainbat zinema jaialdi garrantzitsuenetan erakutsi eta saridun izan diren lanak dira gehienak, zinemagile entzutetsuek zuzendutakoak. Tartean, baina, bada mundu mailako estreinaldi bat ere: Amigas en un camino de campo. Santiago Loza argentinarraren lan berrienak adiskidetasunari, denboraren iragaiteari eta absentziari buruzko istorio bat kontatuko digu.
Latinoamerikak ordezkari ugari izango ditu 2022ko Zabaltegi-Tabakalera sailean. Lozaren herrikidea den Laura Citarellak Veneziako Mostrako Orizzonti sailean proiektatu berritan ekarriko du Trenque Lauquen Donostiara; Buenos Airesen jaiotako Andrés Di Tellak, aldiz, BAFICIn aurkeztu zuen Picción Privada. Aipatutako zinemagile argentinarrez gain, Carlos Reygadas, Amat Escalante eta beste hainbat zinemagileren filmen muntatzaile izan den Natalia López Gallardo boliviarrak Berlingo jaialditik pasa den Manto de gemas erakutsiko du, Mexikoko krimen antolatuaren indarkeria aztertuz. Diego Céspedes txiletarrak, bere aldetik, aurretik Cannesko Semaine de la critique atalean programatu duten Las criaturas que se derriten bajo el sol dakar hirira.
Gaztelania presente egongo da Elena López Riera eta Carlota Pereda espainiarren El agua eta Cerdita film luzeetan, hurrenez hurren. Euskal Herriko bi ekoizpen ere izango dira Zabaltegi-Tabakalera Saria irabazteko lehian, KIMUAK 2022 programan hautatutako Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas. Bata zein bestea, gaztelaniaz ere errodatutakoak.
Ekoizpen asiarrek zeresan handia eman ohi dute Zabaltegi-Tabakalera sailean. Ikusminez gerturatzen dira zinemazaleak aretora, eta aurten ere hala izango da. Aurkezpenik merezi ez duten Lee Chang-dong, Bi Gan eta Takayuki Fukataren lanak ezagutzeko tartea egongo da. Poetry (2010) eta Burning (2018) filmek zuzendari hegokorearra Heartbeat film laburrarekin lehiatuko da; txinatarrak, aldiz, bigarrenez parte hartuko du Zinemaldiko sail irekienean, Po sui tai yang zhi xin / A Short Story maitagarrien ipuin pertsonalarekin; japoniarraren proiektua izango da aurtengo film ertain bakarra: Naname no rouka / Itchan and Satchan. Tel Aviven hezitako Ann Orenek, bestalde, Locarnoko zinema-jaialdian izan ondoren, zaldi-buztan bat ateratzen zaion emakume bat protagonista duen Piaffe aurkeztuko du.
Europar zinemagintzak ere presentzia indartsua izango du. Ruth Beckermann austriarrak Berlinaleko Encounters sailean film onenaren saria irabazi du Mutzenbacher filmarekin, eta Donostian erakutsiko du orain. Thomas Salvador frantziarrak den-dena utzi eta Alpeetara joatea erabaki duen ingeniari paristar bati buruzko La montagne lana ekarriko du. Cyril Schäublin suitzarrak zuzendari onenaren saria lortu zuen Unrueh-ekin Berlinaleko Encounters sailean, baita film onenaren saria ere Jeonjuko zinema-jaialdian. Erlojuen fabrikazioan diharduen eta mugimendu anarkistak indarra hartzen duen XIX. mendeko herri txiki batean girotuta dago.
Dylan Southern eta Will Lovelace britaniarrek XXI. mendearen hasierako musikari buruzko atzera begirakoa proposatuko dute Meet Me in the Bathroom-en; Peter Strickland herrikideak, Blank Narcissus (Passion of the Swamp), film pornografikoen zuzendari beterano batek bere iragana gogoratuko duena.
Anders Emblem norvegiarrak bere bigarren film luzearekin parte hartuko du Zabaltegi-Tabakaleran: A Human Position Rotterdam, Tromsø eta Jeunjuko zinemaldietatik pasa da. Hlynur Pálmason errealizadore islandiarrak bi lan dakartza. Batetik, bere hirugarren film luzea aurkeztuko du, Godland, Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatua eta XIX. mendearen amaieran girotua; bestetik, Nest film laburra ere erakutsiko du egileak, Berlinale Special sailean izan dena.
Donostia Zinemaldiak izendatutako epaimahai espezializatu batek erabakiko saria (20.000 euro) zein filmek jasoko duen: 6.000 euro filmaren zuzendariari emango zaizkio, eta gainerako 14.000 euroak, film hori Espainian banatzen duen enpresari.