Film laburren jaialdiak bosgarren urtez antolatu du berau hartuko duten herriak erretratatzea helburu duen argazki lehiaketa. Egileek irailaren 30era arte dute beren sorkuntzak bidaltzeko aukera.

Nafarroa Zinemaren Lurraldea argazki lehiaketa-zinea

10. Nafarroa Zinemaren Lurraldea film laburren jaialdian lehiatuko diren sortzaileek Viana, Allo, Erro, Lekunberri, Arguedas, Iruña, Lizarra eta Urdax herrietan errodatu beharko dituzte beren lanak. Antolatzaileek proposatutako kokapenak dira, eta dagozkion mugarri turistikoak nahitaez erakutsi beharko dituzte. Bada, film laburrekin gertatu bezala, bosgarrenez martxan jarri duten argazki lehiaketako parte hartzaileek ere hala egin beharko dute.

Adin guztietako herritarrek dute parte hartzeko aukera, eta bakoitzak bost argazki aurkez ditzake gehienez, eta horiei ondoko datuak gehitu beharko dizkiote: irudian ageri den toki zehatza, izenburu bat, azalpen txiki bat (80 karakterera arte) eta egileari buruzko informazioa (izen-abizenak, telefono zenbakia, adina, e-maila kontaktua). Sorkuntzak foto@navarratierradecine.es helbide elektronikora bidali behar dira, irailaren 30era arte.

Guztira, 200 euro banatuko dituzte sarietan: lan onenaren egileari 100 euro emango dizkiote; bigarren eta hirugarren sailkatuei, 50 euro.

Film laburren lehiaketa

Nafarroako beste horrenbeste leku turistikotan kokatutako fikziozko 10 film laburren ekoizpena sustatzea, erkidegoan turismoa sustatzeko. Horixe izan zuen sortze-helburua Nafarroako Gobernuaren Turismo sailak eta Nafarroako Film Commissionek elkarlanean antolatutako Nafarroa Zinemaren Lurraldea ekimenak, eta horretan dirau oraindik, Hamargarren edizioa beteko du aurten deialdiak, eta izen-emate epea zabalik da, irailaren 5era arte.