UMAP (www.umap.eus) zerrendaren arabera, aste honetan ere Zinea aurreneko lekuan ageri da Euskarazko Kulturaren zerrendan. Horrek asko pozten gaitu, ikusten dugulako, geure txikian, komunitatea sortu dugula eta jarraitzaileek interesa dutela argitaratzen ditugun edukietan. Ez da kasualitatea, gure ibilbidean maiz gaude kokatuta goi-goiko posizioetan, eta balio handia dauka horrek guretzat.

Ezagutzen gaituztenek badakite zein diren gure jardunaren ardatzak: zinemaz euskaraz aritzea, batez ere Euskal Herriko zinemaz, batez ere euskaraz egiten denaz, eta begirada bidea arrakastaz egiten hasi diren profesional gazteei zuzenduta. Era berean, munduko berriak, zinemaldiak, estreinaldiak, kritikak, deialdiak, kolaborazioak eta abar, baina betiere Euskal Herrian egiten den zinemaz aritzen gara.

Komunitatea sortzen ari gara. Euskaraz, euskaratik. Eta aldarrikapen abertzale malenkoniatsu dirudien honen atzean bada beste errealitate bat. Ez dago beste hedabiderik zinemaren inguruan edukiak euskaraz sortzen dituena, hedabide orokorrez harago. Berriak euskaraz kontsumitzea lortzeko, Euskararen Aholku Batzordeak ezinbesteko jo du hedabide tematikoen lana, gure kasuan zinemaren berri euskaraz “kontsumitu” ahal izateko. Sare sozialetan osteratxo bat egin besterik ez dago euskaraz gai tematikoetan bizi dugun basamortuaz jabetzeko. Onkeriaz aritzen dira asko elebidun, baina euskara hutsean umezurtz gaude kontsumitzaileok. Hortxe betetzen dute bere egitekoa gurea bezalako hedabide gai bakarrekoek, informazio orokorraz harago, bakoitzak bere gaiari heldu eta euskaraz sortzea, euskaraz kontsumitzeko. Horixe da gure izatearen arrazoia.

10 urte bete ditugun honetan, pozgarria da UMAPen dagoeneko hainbat astetan lortutako lehen postu hori, guk baino askoz baliabide handiagoak dituzten beste proiektuen aurretik. 2013an galdetzen ziguten ea bazuen zentzurik hedabide digital gai bakarreko bat euskaraz sortzea, zertaz eta zinemaz, ba ote zegoen nahikoa gai astero informaziorik emateko, ez ote zen sortu eta gutxira ateak itxi beharko zituen proiektua, ez ote ginen inkontziente samarrak. Eta bai, seguruenik inkontzienteak izan gara, baina 10 urte bete ditugu, oso baliabide ekonomiko eskasekin, eta luze jarraitu nahi genuke.

Merezi du lantalde berritu eta indartua aipatzea, egunerokoan Zinea.eus hedabideari itxura eta moldea egiten dion lantaldea editorial honetara ekartzea: Ines Arrue, Ander Makazaga, Patxi Gaztelumendi eta Ritxi Lizartza edukietan; Ioritz Dominguez grabazioan eta edizioan; Amaia Etxepeteleku diseinuan; Mikel Galdeano programazioan, Cris Fraile administrazioan; eta maramara* taldea hizkuntza-kalitatea zaintzen. Ondoan, kritikariak (hasi berri da lan horretan Iker Zabala), kolaboratzaileak, blogariak… Eta ezin ahaztuko ditugu aurretik jardun duten kazetariak (Cristina Tapia, Maialen Goñi, Mikel Goñi, Ainara Loiarte…), kritikariak (Uxue Arzelus, Aritz Sorzabal, Mikel Zumeta, Zigor Etxebeste, Sara Hernandez Askasibar, Ixone Santamaria, Txomin Lasa eta Iker Zabala), blogariak (Amaia Garcia, Gaizka Izagirre, Maria Elorza, Cliff de Hory, Ane Urkiola, Jon Sánchez, Maite Bidarte, Irati Cano, Aitor Gametxo, Uxue Arzelus, Ander Makazaga).

Gauza asko ditugu hobetzeko, zalantzarik gabe, baina frogatu dugu badela zertaz hitz egina euskal zinemagintzan, jarri dugu fokua Euskal Herriko sorkuntzan eta, astero, 30 bat eduki berri eta propio sortu eta argitaratzen ditugu. Eta lortu dugu geure helburua: euskal zinemagintza ikusaraztea. Uste dugu Zinea.eus zerbitzu baliagarria dela zinema munduarentzat, mapan jarri duela euskal sorkuntza, eta, horren erakusgarri, sektorea (zuzendariak, ekoizleak, zinemaldiak, erakundeak) eta zinemazaleak bilduta, komunitate txiki eta trinkoa osatu dugula, gure lana baloratzen dutela eta beren edukien berri ematen digutela argitara ditzagun.

Zinea hedabidearen ezinbesteko osagarria euskal zinema ikusarazteko lanean, bidaide duen Ganbara errepositorioa. Bertan biltzen ditugu euskal sorkuntza lanei buruzko informazioak, eta Interneten doan jartzen dituztenean, baita filmak ere. Zinea eta Ganbara, uztarri bereko bi piezak, eta helburu bakarra, lehen aipatu dugun bezala: Euskal Herrian egiten den kalitatezko euskarazko zinemagintza ikusaraztea. Orain dela urte gutxi batzuk, Euskal Herriko edozein pertsonari galdetuta, kostata esango zituzkeen euskaraz sortutako 5 filmen tituluak. Euskarazko zinemak urratsa bat egin duen moduan, Zinea ere baliagarri izan da euskarazko zinemagintza badela erakusteko eta euskal zinemagintzaren osasun onaren berri emateko.

Seguruenik gogoeta kolektiboa egitea komeni da, zerbitzu bokazio duen hedabidearen ildo nagusiak harilkatzen jarraitzeko, hobetzeko ditugunak kanpotik ikusarazteko, lankide edo kolaboratzaile taldea berritzeko, erronka berriei heltzeko, Zinearen erabilgarritasunean lagungarri izango diren ideiak planteatzeko eta, azken batea, bidea gure komunitatearen eskutik egiten jarraitzeko.

Ezin ahaztuko dugu euskaraz sortzen denaz gain, garrantzi handia duela beste zinemagintzak ere euskaraz kontsumitu ahal izatea, eta bide horretan bat egin dugu Pantailak Euskaraz proiektuarekin, bidaide sentitzen dugulako, ezinbestekoa delako gure zinemetan euskarazko eskaintza handitu eta bazterrekoa izaten ez jarraitzea. Lan nekeza eta luzea da gaur egungo egoera aldatzea, baina horrexetan ari gara lanean geu ere, euskaraz eskaintzen diren filmak gero eta gehiago izan daitezen.

Zorioneko une honetan, gure asmo bakarra da sortzeko arrazoi izan ziren horiek betetzen jarraitzea datozen 10 urteetan, eta euskal zinemazaleen komunitatea ondoan izatea, zinema-edukiak euskaraz kontsumitzeko, beren proiektuen berri emateko, okerrak zuzentzen laguntzeko. Bide ederra egin eta bidaide bikainak izatea da gure helburua.