Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko lehian izango diren hamabi film berri iragarri ditu Donostia Zinemaldiak; zortzi jaialdi frantziarretik datoz. Azken unera arte ezagutzerik izango ez dugun pelikula sorpresa bat ere pantailaratuko dute Victoria Eugenia Antzokian.
Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan oraindik ere estreinatu ez diren film luze aipagarrienak, txalotuenak, eta nazioarteko beste zinema jaialdietan saridun izan direnak ezagutzeko aukera eman ohi du Zinemaldiak urtero. Cannesen, Berlinen edota Venezian aurkeztu berritan, Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko hautagaiak izaten dira Perlak saila osatzen duten ekoizpen loriatsuak, mundu mailako zinemagile entzutetsuenek zuzendutakoak. Hala, Mia Hansen-Løve, Alejandro González Iñárritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Östlund edota François Ozonen sorkuntza berrienak ikusi eta bozkatzeko aukera izango dute herritarrek irailaren 16tik 24ra bitartean.
Hain zuzen ere, azken honek Rainer Werner Fassbinder zinemagile alemaniarrari omenaldia egingo dion Peter von Kant filmak irekiko du aurtengo lehiaketa, Berlinen estreinatu zena. Ozon ezaguna da Donostian, hainbatetan lehiatu baita sail ofizialean, eta gainera, Urrezko Maskorra ere jaso zuen 2012an, Dans la maison lanagatik. Saila, aldiz, Cannesetik datorren eta lehiaz kanpo erakutsiko duten Brett Morgenek zuzendutako Moongae Daydram-ek itxiko du, David Bowieren unibertsora egindako murgilketa proposatuko duena.
Azken edizioetako joerak jarraipena izango du 2022ko festibalean. Cannesko zinema jaialdian parte hartu duten ekoizpenak izango dira nagusi, beste behin, Perlak atalean. Eta zinemaldi frantziarrean ohiko ezagunik bada, bi Urrezko Palma irabazi duten dardennetarrak dira. Jean-Pierre eta Luc anai belgikarrak, baina, sekula ez dira Donostia Hiria Publikoaren Sariaren lehian izan. Tori et Lokita erakustera datoz hirira. Bigarrenez lortu du 2022an Cannesko errekonozimendu gorena Ruben Östlund suediarrak ere. Luxuzko gurutzaontzi batean girotu du Triangle of Sadness bere lan berria, burgesiari buruzko satira egiteko asmoz.
Hirokazu Koreedak badaki ikus-entzule donostiarrak bereganatzen. Birritan jaso du saria, eta hirugarrenez lortu dezake, Broker-ekin. Louis Garrelek 2018an hasitako trilogia itxiko du, L’Innocent lanarekin, eta Mia Hansen-Løvek Un beau matin aurkeztuko du. Marie Kreutzer zinemagile austriarraren Corsage lana ezagutzeko tartea ere egongo da. Xenofobiari buruzko gogoeta dakar, Cristian Mungiu errumaniarrak R.M.N. lanean.
Abuztu bukaeran ekingo dioten Veneziako Mostratik ekarriko dituzten zenbait proiektu ere hartuko ditu Victoria Eugenia Antzokiak. Argentina, 1985 (Santiago Mitre), Living (Oliver Hermanus) eta Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades (Alejandro González Iñárritu) esaterako.
Guztira, hamabi film berri iragarri ditu Donostia Zinemaldiak, eta horiei, aurretik jakinarazitako ekoizpen espainiarrak gehituko zaizkie: Venezian lehiatuko den En los márgenes (Juan Diego Botto), Berlinen aurkeztu zen Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Cannesen ikusgai egon den Rodrigo Sorogoyenen As Bestas, eta Los renglones torcidos de Dios (Torcuato Luca de Tena), emanaldi berezi gisa aurkeztuko dutena. Zinemaldiak jakinarazi duenez, pelikula sorpresa bat ere pantailaratuko dute Victoria Eugenia Antzokian.
Donostia Zinemaldiko makillajeaz arduratzen den Armani Beauty enpresa Perlak saileko babesle ofiziala da, eta Donostiako Udala, aldiz, sariarena. Donostia Hiria Publikoaren Saria Espainian banatzeko ardura duten etxeentzako bi golardoz osatuta dago: batetik, film onenaren saria, 50.000 eurokoa; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa.