Bilboko Italiar Zinemaldia irailaren 12tik 16ra bitartean egingo dute. Iazko edizioa bertan behera utzi ostean, pantaila handian proiektatuko dituzte filmak, Bilborocken, Euskaditaliaren egoitzan eta HEOI Bilbao aretoan.

Zinecitta jaialdia-kartel ofiziala-zinea

Italiar zinemak azken urteetan eman dituen zuzendari nagusien lan aipagarrienak pantailaratuko ditu, beste behin, Zinecittà – Bilboko Italiar Zinemaldiak. Covid-19ak eraginda, 2021ean uko egin zioten jaialdia online egiteari, eta seigarren edizioa atzeratzea erabaki zuten. Otsailean ospatu ohi dute, baina 2022ko ekitaldia irailaren 12tik 16ra bitartean gauzatuko dela jakinarazi dute.

Seigarren edizioa izango den honetan, emanaldiak Bilborocken, Euskaditaliaren egoitzan eta HEDOI Bilbaon ere pantailaratuko dituzte filmak. Hain zuzen ere, azken honetan emango diote 2022ko saioei hasiera. Irailaren 12an, 17:30ean, Di notte c’erano le stelle (Naked Panda, 2019) filmak abiatuko du jaialdia.

Hurrengo emanaldiak:

  • Irailak 13, 11:00etan | Euskaditalian: L’Angelo (Mario Piredda, 2019)
  • Irailak 13, 19:30ean | Bilborock aretoan: Essere Hikikomori (Michele Bertini eta Ugo Piva, 2022) – ostean, solasaldia egongo da
  • Irailak 14, 11:00etan | Euskaditalian: Un ragazzo d’oro (Pupi Avati, 2014)
  • Irailak 14, 19:30ean | Bilborock aretoan: Gli anni più belli (Gabriele Muccino, 2020)
  • Irailak 15, 11:00etan | Euskaditalian: Il papà di giovanna (Pupi Avati, 2008)
  • Irailak 15, 19:30ean | Bilborock aretoan: La seconda notte di nozze (Pupi Avati, 2005) – ostean, solasaldia egongo da
  • Irailak 16, 11:00etan | Euskaditalian: La macchinazione (David Grieco, 2016)
  • Irailak 16, 19:30ean | Bilborock aretoan: La dea fortuna (Ferzan Ozpetek, 2019) – visioni sarde ataleko film labur irabazlearen proiekzioa + itxiera ekitaldia

Irailaren 15erako, gainera, euskal zinema industriako profesionalek parte hartuko duten ZOOM bidezko topaketa prestatu dute. Sardegna Film Commission-eko Maria Nevina Satta zuzendaria ere izango da bertan.

Pasolini gogoan

Pandemiak gure artean dirau oraindik, eta gerra oihuak nonahi entzuten dira. Horregatik, Zinecittà jaialdiko arduradunek “zinemarekiko desira” berpiztu nahi dute, zazpigarren artea bizitzaren aldeko aldarria dela gogoraraziz.  “Ikus-entzunezko sektoreak indarrak batu behar ditu ikus-entzuleak beraien etxeetatik atera daitezen, berriz ere, elkarrekin barre eta negar egin dezaten, poztu daitezen, izatez izaki sozialak garela erakusteko”.

Mundu posible asko sortzen ditu zinemak, utopiak eta esperantzak. Eta ideia hau inork baino hobeto barneratu zuen zinemagile, idazle, kazetari eta, oro har, artista handiena omenduz aurkeztu dute zinemaldiaren seigarren edizioa. Aurten 100 urte beteko lituzkeen Pier Paolo Pasoliniren irudiak hartuko du kartel ofiziala, eta ezagun egin diren haren hitzek osatuko dute: “zinema bizitza da”.

Bilboko kultura sailaren, Zinebiren, Basque Film-en eta AR Wine Experience-ren laguntza du festibalak. Antolatzaileek adierazi dute datozen egunetan emango dutela egitarauaren berri.