GEHITU – Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak Mariano Biasin argentinarraren lehen film luzea goratzea erabaki du. Irailean gauzatuko duten 70. Donostia Zinemaldian ospatuko du elkarteak sariketaren 2022ko edizioa.

Sebastiane Latino-zinea

GEHITUren ekimenez, homosexualen, bisexualen eta transexualen errealitatea eta balioak islatzen dituzten filmak saritzeko Sebastiane saria banatzen hasi ziren 48. Donostia Zinemaldian, 2000. urtean, eta 2013az geroztik Latinoamerikako ekoizpen onena ere nabarmentzen dute Sebastiane Latino aintzatespenarekin.

Bada, 2022eko irailean gauzatuko duten 70. Donostia Zinemaldian ospatuko du elkarteak sariketaren 10. edizioa, 2021ko irailetik aurrera estreinatutako LGTBI film latino onena nabarmentzeko. Errante corazón. Ámame (Leonardo Brzezicki), Marte um/Mars One (Gabriel Martins), Petit mal (Ruth Caudeli), Sublime (Mariano Biasin) eta Un varón (Fabián Hernandez) izan dira hautagaiak, eta dagoeneko GEHITU elkarteak jakinarazi du irabazlea.

Berlinaleko Generation 14plus atalean parte hartzetik datorren Sublime ekoizpen argentinarra da 2022ko sariduna. Biasinek zuzendutako lehen film luzea goratzerako orduan, epaimahaiak nabarmendu du “kolektiboaren borrokak egunerokoan lortu dituen aldaketak” islatzen dituela. Gaineratu dute, “duela urte batzuk filmak amaiera erabat ezberdina” izango lukeela: “Filmak maitasunezko istorio positibo eta bisualki erakargarri bat kontatzen digu erromantizismoa, nerabezaroa, musika, beldurra eta desira elkartuta”.

Horizontes Latinos sailean lehiatuko da Sublime, eta 16 urteko mutil bat du protagonista: Manuel kostaldeko hiri txiki batean bizi da. Baxua jotzen du bere lagun onenekin duen musika-taldean. Tartean da Felipe, eta inoiz sentitu gabeko sentimenduak biztuaraziko dizkiona.

Iberoamerikako LGTBI Zinema Jaialdien VIII. Topaketa

Arestian aipatu bezala, sari-banaketaren hamargarren edizioa izango da, eta abuztuan ezagutaraziko dute proiektu irabazlea. Era berean, Zinemaldiaren 70. edizioan zehar (irailaren 16tik 24ra), Zinemaldiaren arduradunek Iberoamerikako LGTBI Zinema Jaialdien VIII. Topaketa ere antolatuko dute; Espainiako eta Latinoamerikako 25 zinema-jaialdi baino gehiagotako ordezkariak bilduko dira topaketa horretan.