Cesc Gayk zuzendutako komedia irailaren 22an egingo duten festan pantailaratuko dute, Victoria Eugenia Antzokian. Aurreko egunean, Carlos Saurak artearen jatorriari buruz sortutako dokumentala proposatuko du Espainiako irrati-telebista publikoak, Kursaal 2 aretoan.

RTVE Gala-Zinemaldia-zinea

Donostia Zinemaldiko babesle ofiziala den RTVE komunikazio-taldeak presentzia nabarmena izango du festibalaren 70. edizioan. Urrezko Maskorraren lehian izango diren lau ekoizpen espainiarretan partaide da, eta gainerako ataletan erakutsiko dituzten hainbat film babestu ditu. Hala, urtero legez, RTVE Gala handia ospatuko dute ere, Victoria Eugenia Antzokian: irailaren 22an (osteguna), Cesc Gay zinemagile bartzelonarraren Historias para no contar lanaren nazio-mailako estreinaldia egingo dute hitzordua baliatuz. Torontoko nazioarteko zinema jaialdiko Special Presentations sailean lehiatu berritan pantailaratuko dute Donostian.

José Coronado, Nora Navas, Javier Rey, Verónica Echegui, Chino Darín, Anna Castillo, Antonio de la Torre, Maribel Verdú, Quim Gutiérrez, Belén Cuesta, Alexandra Jiménez eta beste hainbat aktorek interpretatutako komedia da Hisorias para no contar, ustekabeko topaketak, une barregarriak, zentzugabeko erabakiak… barneratuko dituena.

Bestalde, egun bat lehenago (irailak 21, asteazkena), Carlos Saura zinemagile aragoiarraren lan berriena ikusteko aukera emango du RTVEk, Kursaal 2 aretoan. Artearen jatorriari eta ildo abangoardistekin duen harremanari buruzko dokumentala sortu du, bere ikuskera pertsonala abiapuntu. Las paredes hablan-ek historiaurreko kobazuloetako lehen iraultza grafikoetatik abangoardia berrieneko hiri-adierazpenetarainoko garapena erakutsiko du.

Lau film sail ofizialean

RTVEren partaidetzari esker, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango da Mikel Gurrea donostiarra irailaren 16tik 24ra bitartean. Suro, bere opera prima aurkeztuko du sail ofizialean, eta Vicky Luego zein Pol López izango ditu aktore. Filmak landa-ingurura bizitzera joango den bikote baten istorioa kontatuko du. Bizitza berri bat eraiki nahi dute artelatz-basoetan barna, baina lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztenez, beraien etorkizuna kolokan jarriko da. 2016ko Ikusmira Berriak programan aukeratua izan zen proiektua, baita Jerusalem International Film Lab laborategian ere, 2017-2018 aldian.

Pilar Palomero zaragozarrak ere debuta egingo du sail nagusian. La maternal lanean ama izaten ikasi beharko duen 14 urteko nerabe baten istorioa kontatuko du. Jaime Rosales kataluniarrak ere amatasuna izango du abiapuntu Girasoles silvestres-en. Fernando Franco sevillarra, aldiz, arestian saritua izan da lehiaketan, eta aurten, berriz parte hartuko du bere hirugarren film luzearekin. La consagración de la primaverak 18 urteko neska baten eta garun-paralisia duen gazte baten (Telmo Irureta aktore zumaiarrak interpretatuta) hartu-emana izango du aztergai. Kowalski Films ekoiztetxe donostiarrak produzitu du.

Gainerako ataletan, Sundanceko zinema-jaialditik datorren Carlota Peredaren Cerdita eta Cannesen lehiatu zen  Elena López Rieraren El agua (Zabaltegi-Tabakaleran); Berlinen lehiatu zen Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Rodrigo Sorogoyenen As Bestas eta  Veneziako Mostran lehiatuko den Juan Diego Botto aktore argentinarrak zuzendutako opera prima, En los márgenes (Perlak sailean), egongo dira ikusgai.