Film arrakastatsu batek hura gauzatu duen sortzailea lehen lerrora ekartzeko ahalmena dauka. Hala eman zen ezagutzara alemaniar jatorriko Alice Rohrwacher italiarra. Lazzaro felice (2018) fabula itxura duen lanak gidoi onenaren saria irabazi zuen Cannesen, eta mundu guztiko ikus-entzuleek beso zabalik hartu zuten estreinaldi komertzialean. Era berean, Martin Eden filmak europar zinemagile miretsien artean kokatu zuen Pietro Marcello herrikidea, 76. Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia irabaztear egon zena. Hain zuzen ere, bi zuzendarioi eskaini zien Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak iaz ziklo bana, eta elkarrekin zuzendutako (Francesco Munzi errealizatzailea ere batuko zaie) lan berezi batekin agurtu zuten urtea: Futura (2021). Orain, aldiz, Atlántida Film Fest jaialdi entzutetsuaren baitan, FILMIN plataforman dago abuztuaren 25era bitartean ikusgai.
Lan kolektiboak ekoiztu zaleak izan dira historikoki italiarrak; herrialdeko ondare zinematografiko baliotsuena bilakatu da sortzaileen arteko kooperazioa, beste inon ez bezala. Gerrak utzitako miserien kronista izaten hasi ziren, baina laster moldatu ziren gizartearen ezinegon modernoetara: 1953koak dira, esaterako, L’amore in città (Michelangelo Antonioni, Federico Fellini, Alberto Lattuada, Carlo Lizzani, Francesco Maselli, Dino Risi eta Cesare Zavattini) eta Siamo donne (Alfredo Guarini, Gianni Franciolini, Roberto Rossellini, Luigi Zampa eta Luchino Visconti). Lehenengoan, aktore ez profesionalak erabiliz, garaiko bizimoduaren joerak jaso zituzten; bigarrenean, son handiko emakumezko aktoreek (Ingrid Bermagn, Anna Magnani, Isa Miranda edota Alida Valli etab.) beren egunerokoaz hitz egin ziguten.
Elkarrekintzak arrakasta izan zuela ikusirik, Amori di mezzo secolo-k (Mario Chiari, Pietro Germi, Glauco Pellegrini, Antonio Pietrangeli eta Roberto Rossellini, 1954) eman zion jarraipena, eta ostean, 60ko hamarkadako zinema berrien eztandarekin, loraldia bizi izan zuen praktikak: Boccacico ’70 (Vittorio De Sica, Federico Fellini, Mario Monicelli eta Luchino Visconti, 1962), Ro.Go.Pa.G. (Jean-Luc Godard, Roberto Rossellini, Pier Paolo Pasolini eta Ugo Gregoretti, 1963), Capriccio all’italiana (Mauro Bolognini, Mario Monicelli, Pier Paolo Pasolini, Steno, Pino Zac eta Franco Rossi, 1968) edota Amore e rabbia (Marco Bellocchio, Bernardo Bertolucci, Jean-Luc Godard, Carlo Lizzani, Pier Paolo Pasolini eta Elda Tattoli, 1969) dira adibide nabarmenenak.

‘Amore e rabbia’ (1969) filmeko ‘Discutiamo, discutiamo’ atala, Marco Bellocchiok zuzendutakoa.
Horietan guztietan, alabaina, zinemagileek bere estilo identifikagarriaren erakustaldia egin zuten, bakoitzak bere aldetik; kolektiboak izan bai, baina film laburrez osatutako bilduma hutsak ere baitziren. Ez da hala gertatuko Futura-n. Elkarlanaren tradiziotik eratorritako lana bada ere, Rohrwacherrek, Munzik eta Marcellok tonu jarraikor bat ezarriko dute, eta horien ahotsa entzutean soilik jakingo dugu nork hartutako irudiak ikusten ari garen.
16 mm-tan errodatuta, Italian zehar egindako bidaia proposatuko digute nerabe eta gazteak elkarrizketatuz, horien bihar-etziko kezkak, zalantzak eta aukerak aztertu asmoz. Itsasbazterrean jostari dagoen neska-talde batekin ekingo diogu lau haizetara zabalduko den ziurgabetasun-egoeraren hari-muturrak identifikatzeari, eta konturatuko gara hainbat buru hainbat aburu dituela errealizadoreek planteatutako galderak: ‘Nola irudikatzen duzu etorkizuna?’. Bainujantzia soinean, uretara freskatzera jauzi egingo duten neskatxek ez dute batere argi erantzuna, ezta hirigunetik urrun elkartzen diren mutil kuadrillako lagunek ere. Pisako unibertsitateko Filosofia ikasleen jarioa erromantikoagoa da; Erroma edo Napoli mugaldekoen ikuspuntua, aldiz, errealistagoa. Baserri-giroko bizimoduari eusten diotenak ezkorrak dira, eta estetika eskolako egoiliarrak, ameslariak.
Pier Paolo Pasolinik 1965ean erabilitako formularen berrikusketa da Futura. Italiarrek sexualitatearen inguruan duten pentsamendu eta aurreiritziak ezagutzeko asmoz, kamera eta mikrofonoa hartu, eta Comizi d’amore (1964) film-saiakeran inkesta “antropologikoak” gauzatu zituen Accattone (1961) eta Mamma Roma (1962) filmen zuzendariak herrialde osoan zehar. Etxeko-andreak, patriarkak, burgesak zein herri txiroenetakoak, gazteak, helduak… klase sozial eta lurralde guztietako jendea elkarrizketatu zuen, inoiz inork berriz egin ez duen gisan. Pasoliniren lanean agerikoa da 60ko hamarkadako gizartea oraindik ere atzerakoia zela, kultura ez zegoela edonoren eskura, eta horrek zuzenean eragiten zuela herritarren pentsaeran. Hala gogoraraziko digu, hain zuzen ere, Futura-n elkarrizketatua den gazte batek, “ignoranti”-ak zirela, alegia.

‘Futura’ (Pietro Marcello, Francesco Munzi, Alice Rohrwacher, 2021)
Rohrwacherrek, Munzik eta Marcellok bide bera jarraituko dute. Cagliari, Trento, Milan… iparralde zein hegoaldeko gazteei eman diete hitza. Baina ignoranti horiena inoizko belaunaldi prestatuena da orain, aldiz, bizitza-proiektu bat martxan jartzeko zailtasunak dituena, etxetik alde egiteko baliabide ekonomikorik ez duena. Modernizazioak, globalizazioak eta demokraziak aurrerapauso sozial ugari ekarri badituzte ere, egoera ez da oso bestelakoa. Egonkortasunik ez izatera kondenatuta daudenen urgentziazko oihua izan nahi du Futura-k, ondoa jo eta altxatzeko adorerik gabe geratzear dauden neska-mutilena. Filma hasi bezain laster, Rohrwacher entzungo dugu bere buruari galdezka: “Dagoeneko ez dira haurrak, baina ezta helduak ere. Zenbat dakigu haietaz?”. Gazte askok, aurrenekoz izan dute beren etsipena publikoki adierazteko aukera, berriki, 69. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu den Jonas Truebak zuzendutako Quién lo impide (2021) film amaiezinean parte hartu duten nerabeek bezala.
Zinemagile madrildarraren lanak badu loturarik Futura-rekin, etorkizuna bere eskuetan duen belaunaldiaren kezka eta begiradak baitira bataren zein bestearen gai-ildoak. Etengabe salatuko duten gizarte indibidualista honen seme-alabak dira, eta orain, gainera, Covid-19aren agerpenak biderkatu duen biktimizazioaren sufritzaileak ere bai. Birusak bi filmen errodajeak bete-betean kolpatu zituen, eta agerikoa da pandemiaren ondorioa horietan. “Berehala konturatu gara errodatzen ari garen filma kutsatutako gogo-aldarte bat bilakatzen ari dela”, entzungo diogu Rohrwacherreri, baina Truebak ere esan zitzakeen hitzok. 2020an hasitako aro ilun honetako gazteriaren ezinegona ulertzeko elkarren ezinbesteko bilakatu dira Futura eta Quién lo impide. Garai batekoa Comizi d’amore den bezala, ondo gorde beharreko lekukotza historikoak dira.