Argentinatik, Brasildik, Txiletik, Kolonbiatik eta Mexikotik ekarritako proiektuak aukeratu ditu Donostia Zinemaldiak. Aurtengo saioak irailaren 19an, 20an eta 21ean egingo dituzte.
Latinoamerikako zinemarekin duen konpromisoa berresteko, bertako sortzaileen lanak garatzeko eta bukaeraraino eramateko laguntza eskaintzen duen WIP Latam topaketan parte hartuko duten proiektuen berri eman du Donostia Zinemaldiak. Argentinatik, Brasildik, Txiletik, Kolonbiatik eta Mexikotik ekarritako sei ekoizpen aukeratu ditu hautaketa-batzordeak, eta denak ere, irailaren 19tik 21era bitartean gauzatuko diren industria arloko jardueretan aurkeztuko dituzte, jaialdi donostiarraren 70. edizioaren baitan.
Matín Benchimol zinemagile argentinarrak bakarka zuzendu duen ez-fikziozko lehen lana da El castillo, ama-alaba baten istorioa kontatuko duena. La Pampako etxe handi batean igaroko dituzten azken hilabeteen kronika izango da: hondatuta dago eraikina; hala utzi zion enplegatzaile batek oinordetzan amari, inoiz ez saltzeko baldintzarekin.
Txiletar antzerkigilea den Felipe Carmonak, aldiz, film labur ugari zuzendu ostean, iraupen luzeko bere lehen sorkuntza erakutsiko du: Penal Cordillera. Pinocheten diktadura garaiko lau jeneral dira protagonistak, Andeen magalean kokatutako luxuzko espetxe batean zigorra betetzen ari direnak. Horietako batek elkarrizketa onartuko die kazetariei, eta sua piztuko da kalean.
Londresen bizi bada ere, mexikarra da sortzez Laura Plancarte artista bisual eta dokumentalgilea. Sueño mexicano du opera prima, aktore hasiberriekin errodatutakoa: genero-indarkeria pairatu duen emakume bat da protagonista, bikotekide berriarekin bizitza berregiteko asmoa duena.
Yennifer Uribe Alzate kolonbiarrak, aldiz, segurtasun-zaintzaile lanetan diharduen ama ezkongabe baten bizimodua erretratatuko du Sandra filmean. Autobus gidari bat ezagutu eta harekin amodiozko istorio bat izan ondoren, askatasunerako bidea hartuko du, desira-esperientzia propioa abiapuntu. Besteak beste, Ventana Sur merkatuko Proyecta ekimenaren 2018ko edizioan parte hartu zuen Uribe Alzatek.
Hautatutako film sorta bi ekoizpen brasildarrek osatuko dute: batetik, Guto Parentek Estranho Caminho aurkeztuko du, pandemiaren ondorioz herrialdea utzi ezin eta aitarekin harremanetan jarri beste erremediorik izango ez duen gizon baten istorioa. Bestetik, Davi Prettok Casa do Campo erakutsiko du: Amanda bere bikotekide frantziarrarekin Brasil hegoaldean kokatutako familia-etxalde isolatura itzuliko da, eta bere aitaren agoniari eta tokiko doktoreari aurre egin beharko die bertan (lur-jabearen eta bere langileen arteko harreman gaiztoa aldatu nahi du doktoreak). 2019ko Proyecta Ventana Sur ekimenerako hautatutako proiektuetako bat izan zen filma.
WIP Latam Industria Saria irabazten duen proiektuak filmaren postprodukzioa, ingelesezko azpidatziak eta Espainiako banaketa izateko aukera izango du. Best Digital, BTeam Pictures, Deluxe, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No problem Sonido enpresek emango dute saria. Bestalde, EGEDA Platino Industria Sariaren film irabazlearen ekoizle nagusiak 30.000 euro jasoko ditu ere. Gainera, ekoizpen brasildarra duten bi lanak (Estranho Caminho eta Casa no Campo) Projeto Paradiso sarietarako hautagaiak ere izango dira.