Zinemagile frantziarrak 1956tik 1995era bitartean zuzendutako lanak erakutsiko ditu Donostia Zinemaldiak, 70. edizioan. Euskadiko Filmategiarekin batera, jaialdi donostiarrak Conversaciones con Claude Sautet liburua argitaratuko du ere.

Claude Sautet-atzera begirakoa-zinemaldia-zinea

Frantziar zinemagintzako bi belaunaldiren bidegurutzean kokatu ohi da Claude Sautet, gerraosteko errealizadoreen eta Nouvelle Vague mugimendukoenen artean ere. Montrougen jaio zen 1924an eta Parisen hil, 2000n. 1950ean, zuzendari-laguntzaile izanik sartu zen industrian, eta André Cerfek, Edouard Molinarok eta Richard Pottierrek egindako komedia zein kontakizun kriminaletan lan egin zuen. Georges Franjuren itzal handiko film horretan gidoilari ere aritu zen.

Bonjour sourire! (1956) lanarekin egin zuen debuta, komedia musikal bat, gerora egingo zuenaren oso bestelakoa. Polar generoko filmak zuzendu zituen ere, besteak beste, Lino Ventura aktore zuela. 60ko hamarkadan, Sautetek bere ibilbideko etapa oparo eta ospetsuena inauguratu zuen, Romy Schneider eta Michel Piccoli bidelagun zituela. Yves Montandek ere bat egin zuen taldean.

80ko eta 90eko hamarkadetako lanek egonkortasuna eman zioten, eta bere azken lana Collectif de Cinéastes Pour les Sans-Papiersen barruan sartu zen. Kolektibo hori 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantziarrek osatzen zuten –besteak beste Sautet, Bertrand Tavernier, Jacques Audiard, Sólveig Anspach, Catherine Corsini, Laurent Cantet, Philippe Garrel, Lola Doillon eta Alain Bergala–, eta film labur formako manifestu bat sinatu zuten Frantziako legez kanpoko etorkin guztiak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).

Bada, Donostia Zinemaldiak Sautetek 1956tik 1995era bitartean zuzendutako hamahiru filmak berreskuratuko ditu, 2022ko atzera begirakoan:

  • Bonjour sourire!(1956)
  • L’Arme à gauche (1965)
  • Les choses de la vie (1970)
  • Max et les ferrailleurs (1971)
  • César et Rosalie (1972)
  • Vincent, François, Paul et les autres… (1974)
  • Mado(1976)
  • Une histoire simple (1978)
  • Un mauvais fils (1980)
  • Garçon! (1983)
  • Quelques jours avec moi (1988)
  • Un coeur en hiver (1992)
  • Nelly et Mr. Arnaud (1995)

Liburuaren argitalpena

Jaialdi donostiarrak Espainiako Zinematekarekin elkarlanean antolatutako atzera begirako eta argitalpen bildumak ez du jarraipenik izango aurten. Bada, festibalaren 70. urteurrena aprobetxatuz, etapa berri bat abiatuko dute, eta aurrerantzean Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan plazaratuko ditu ziklo berezien liburuok. Sauteti buruzkoa izango da lehen alea, eta Conversaciones con Claude Sautet du izena. Michel Boujutek zuzendariarekin egindako elkarrizketen gaztelaniazko itzulpena da.

1994an argitaratu zuen Institut Lumière / Actes Sud argitaletxeak jatorrizkoa, eta 2014an behin betikoa. Institut Lumière erakundearen zuzendari Thierry Fremauxen eta Daniel Auteuil aktorearen hitzaurreak ditu, eta hitzatzea Bertrand Tavernier zinemagileak idatzi zuen. Gaztelaniazko bertsiorako, Quim Casas kritikariak eta Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kideak idatzitako testu bat gehituko dute, Sautet Espainiako eta Zinemaldiko testuinguruan kokatuz.