Bilboko Azkuna Zentroaren programazio-ildoekin lotura duten proiektuak galdegin dituzte, 3 aste eta 3 hilabete bitartean garatu beharko direnak. 2022-2023ko deialdira zinema eta ikus-entzunezko proposamenak bidaltzeko aukera dago dagoeneko, irailaren 4ra bitartean.

azkuna-zentroa-babestu-2022-2023-zinea

Babestu programa sorkuntza sustatzeko deialdi gisa sortu zuen Azkuna Zentroak 2020an, tokiko testuinguruko artistek eta kultura-eragileek COVID-19aren krisiak eragin ahal izan dituen prozesuak eta ikerketak garatzen jarrai dezaten ahalbidetzeko bultzatutakoa. Azkuna Zentroak sorkuntza eta kultura garaikidearen laguntza eta hedapena sustatu nahi izan zituen, esperientzien, ideien eta ikuspegien trukea indartuz, eta hurbileko sorkuntza-sarea zabalduz, diziplina eta zeharkako dimentsioetan.

Programak jarraipena izan zuen 2021ean, eta izandako arrakastaren ondorioz, sorkuntza garaikidea sustatzen jarraitzeko hirugarren deialdia zabaldu dute. Bada, praktika artistikoei heltzeko modu berriak esploratzen dituzten eta Azkuna Zentroaren programazio-ildoekin (ikusizko arteak, zuzeneko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, kultura garaikidea eta komunitateak) bat egiten duten proiektuak galdegin dituzte, eta, guztira, bost hautatuko dituzte.

Hala, artisten zerbitzurako tresna izango da aurten ere Babestu programa, eta Azkuna Zentroan garatu beharko dira proiektuak, 2023ko urtarriletik abendura bitartean: gutxienez, 3 aste, eta gehienez, 3 hilabete artean. Ostean, aurkezpen publikoa egin beharko dute sortzaileek.

Proposamenak bidaltzeko epea irailaren 4ra bitartean egongo da zabalik, eta eskatzaileek harremanetarako datu pertsonalak, hautagaiaren CVa eta biografia, proiektuaren inguruko azalpen txostena zein dosierra, motibazio-gutuna eta aurkezpen bideo laburra bidali beharko dituzte. Eskaerak Azkuna Zentroko web orrian egingo dira.

Balorazio Batzorde batek -Azkuna Zentroko lantaldeko kideek eta arte-sektorean ibilbide aitortua duten profesionalek- proiektuak aztertzeko eta baloratzeko ardura izango dute, horien eduki artistikoa, kalitatea eta bideragarritasuna, AZ-ren baliabideetara eta espazioetara egokitzeko gaitasuna etab. kontuan hartuz. Erabakia 2022ko urriaren 24tik aurrera jakinaraziko dute.

Ezagutu deialdiaren baldintzak, hemen.