Albertina Carrik zuzendutako Las hijas del fuego ekoizpen argentinarra pantailaratuko zuten atzo, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Ostiral eta larunbatero, film bana eskainiko dute, 19:00etan.

las-hijas-del-fuego-ihes puntua zikloa-zinea

“Zer da udako film bat? Errutina haustearekin, ihesaldi txiki batekin, beste bizitza posible batera ihes egitearekin lotzen dut nik urteko garai hori. Filmetan antzeko zerbait gertatzen da: bestelako bizitza posibleak irudikatzeko aukera ematen dute, baita horietan bizitzekoa ere”. Hitzokin aurkeztu du Lur Olaizola Donostiako Tabakalera zentroko ikus-entzunezko programaren koordinatzaileak Ihes puntua zikloa.

Badlands lanak abiatu zuen, uztailaren 1ean, uda garairako atondu duten zinema ziklo berezia, eta ihesak, paisaiak, autoak, argazkiak, amodioak, basamortuak, hausturak, itsasontziak, margolaritza, hondartzak, adiskideak, desagertzeak, bidaiak, trenak, itsasoa ditu ardatz. Abuztu bukaera arte luzatuko da, eta zinemaren historiako sortzaile handienen lanak pantailaratuko dituzte.

Jarraian abuztuko emanaldiak:

  • Abuztuaren 5ean, Las hijas del fuego (Albertina Carri, 2018)
  • Abuztuaren 6an, Touki Bouki (Djibril Dip Mambéty, 1973)
  • Abuztuaren 12an, Yuki & Nina (Hippolyte Girardot eta Nobuhiro Suwa, 2009)
  • Abuztuaren 13an, Zabriskie Point (Michelangelo Antonioni, 1970)
  • Abuztuaren 19an, Hola, ¿estás sola? (Icíar Bollaín, 1995)
  • Abuztuaren 20an, Paris, Texas (Wim Wenders, 1984)
  • Abuztuaren 26an, Pierrot le fou (Jean-Luc Godard, 1965)
  • Abuztuaren 27an, Chronicle of a summer (Jean Rouch eta Edgar Morin, 1961)

 Ikastaroa, Medialaben

Filmok ikusteko aukera emateaz gain, zinema garaikideari errepasoa emateko asmoz antolatutako ikastaroko hainbat saio ere gauzatuko dituzte Tabakaleran. Medialab Egongelan, aurreko astean zinema aretoan eman duten filma izango dute abiapuntu, 18:00etatik 18:45era. Abuztuan saio bakarra egongo da, hilaren 25ean, eta Paris, Texas izango da mintzagaia.

Hanburgoko Unibertsitatean Pedagogian lizentziatutako Frauke Schulz Utermöhl da lantegiko gidaria. Goethe-Institut Alemaniako Kultur Erakundearen Donostiako Ordezkaritzako zuzendaria izan da hogei urtez, eta Madrilgo Goethe-Institut erakundearekin elkarlanean jarraitzen du.

Ikastarora bertaratzeko sarrera doan da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso beharko da.