Bulgariako, Moldaviako Errepublikako, Turkiako eta Ukrainako ekoizpen bana hautatu du Donostia Zinemaldiak. Aurtengo saioak irailaren 19an, 20an eta 21ean egingo dituzte.

WIP Europa-Zinemaldia-zinea

Europako zinemaren ekoizpena sustatzea eta postprodukzio fasean dauden filmak amaitzen laguntzea du helburu WIP Europa ekimenak. Egileen lehen ala bigarren film luzeak galdegin dituzte uztailaren 1era arte, eta dagoeneko, Donostia Zinemaldiak iragarri ditu 70. edizioan erakutsiko dituztenak. Lau izango dira guztira, denak ere, Europa ekialdeko herrialdeetatik ekarritakoak.

Irailaren 19an, 20an eta 21ean egingo dituzte aurtengo saioak, eta bertan aurkeztuko du Nadejda Koseva zuzendari bulgariarrak bere bigarren film luzea: Klopka / The Trap. Danubio ibaiaren ertzean kokatutako herri bateko biztanle bat da filmaren protagonista. Barne-gatazka eragingo dioten funtsezko erabakiak hartzera behartuta dago, atzerriko inbertsiogileek enpresa-eskaera jakin bat aurkeztean.

Turkiar ekoizpena da Selman Nacarrek zuzendutako Tereddüt Çizgisi / Hesitation Wound. Istorioa egun bakar batean gauzatuko da, gaixo duen amaz arduratu beharko den abokatu kriminalista bat du protagonista. Nacarrek 2020an ere Work in Progress sailean parte hartu zuen, eta iaz, programari esker garatutako Iki Şafak Arasında / Between Two Dawns filma aurkeztu zuen New Directors atalean.

Bigarren filma du Moldaviako Errepublikako Anatol Durbal aktore, muntatzaile eta errealizadoreak ere. Langile zintzo baten istorioa kontatuko du Varvaran-ek: bere haur jaioberri goiztiarraren bizitza salbatzeko diru-bila dabil, eta barne-gatazka sortuko zaio eroskeriak onartzeko aukerak suertatu bezain laster.

Tonia Noyabrova ukrainarra  da WIP Europa industria-sailean parte hartuko duen emakumezko zinemagile bakarra. Sobietar Batasunaren azken urteetan girotu du Ty mene lyubysh? / Do You Love Me?, Kiev hirian, eta bere gurasoak banandu bidean dituen nerabe bat da protagonista. Horiei aurka egitea erabakiko du.

WIP Europa Industria Saria irabazten duen proiektuak filmaren postprodukzioa, ingelesezko azpidatziak eta Espainiako banaketa izateko aukera izango du. Best Digital, BTeam Pictures, Deluxe, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No problem Sonido enpresek emango dute saria. Bestalde, WIP Europa Industria Sariaren film irabazlearen ekoizle nagusiak 10.000 euro jasoko ditu ere.