Rise of the Teenage Mutant Ninja Turtles: The Movie (Ant Ward eta Andy Suriano, 2022) lana estreinatuko du gaur Netflix plataformak, euskarara bikoiztuta ikusteko aukera eskainiko duen bere bigarren filma da.

Ninja Dortokak-Netflix euskaraz-zinea

Ia hilabete pasa da Netflixek The Sea Beast animaziozko-lana euskarara ekarria estreinatu zuela. Bilboko Mixer enpresak bikoiztuta, Chris Williamsen sorkuntzaren aurkezpena mugarri izan zen. Bere katalogoa elikatzeko bidean, euskarazko, galegozko eta katalanezko 70 ikus-entzunezko gehituko dituela aurreratu zuen VOD zerbitzuak martxoan -200 ordu azpititulatuta, eta haurrentzako edukiei dagokienez, 20 bat ordu bikoiztuta-, eta ari da apurka-apurka hitzemandakoa betetzen.

Gaur bertan, dortoka ninjak protagonista izango dituen Rise of the Teenage Mutant Ninja Turtles: The Movie iritsiko da pantaila txikira, animaziozkoa hau ere. Ward eta Suriano sortzaileen lana da, izen bereko telesailean -eta frankizian- oinarritutakoa; Nickelodeon etxeak ekoiztu du.

Filmean, Ninja Dortokek orain arteko erronka handienari egin beharko diote aurre. Etorkizunetik datorren izaki misteriotsu batek ohartarazpen beldurgarri bat dakar, eta munduaren akabera ekiditeko, Leo eta bere anaiak (Raph , Donnie eta Mikey) borrokarako prest dira. Estralurtarrak datoz… Krang-ak!

Atalka ere, gure hizkuntzan

Netflixek, gainera, euskarara bikoiztutako lehen telesaila estreinatu zuen atzo: Super Giant Robot Brothers (Víctor Maldonado eta Alfredo Torres, 2022). 10 atal ditu, eta herri txiki bat defendatzeko ardura hartuko duten bi anaia robot erraldoiak dira protagonistak. Akzioa, komedia eta abentura uztartuko ditu galaxiarteko misioak. Pantailak Euskaraz mugimenduak ekoizpenaren estreinaldia baliatu du herritarrongana zuzentzeko: “Orain guri dagokigu ikusienen artean kokatzea”.

Irailean, aldiz, inoiz egin den telesailik garestienak argia ikusiko du, eta ikus-entzuleek euskarazko azpitituluekin lehenik, eta bikoiztuta gero, kontsumitzeko aukera izango dute. Prime Video plataformak ekoiztutaThe Lord of the Rings: The Ring of the Power jaiotzear da. J. R. R. Tolkienek idatzitako eleberriak abiapuntu, Peter Jackson zinemagileak film sorta zuzendu zuen duela bi hamarkada, eta orain, formatu berrietara eguneratuta, pantaila txikira egingo du salto unibertsoak.