Irailaren 16tik 24ra ikusgai izango diren zinema unibertsalaren historiako lan esanguratsuenen bilduma aurkeztu du jaialdi donostiarrak. Animazioa, espainiar zinema berria, zinema mutua, mundu mailako estreinaldi bat eta ekoizpen georgiar bat izango dira protagonistak.

Klasikoak Donostia Zinemaldia-zinea

2018az geroztik, Donostia Zinemaldia tarte berezia eskaintzen ari zaie zinemaren historiako film esanguratsuenei. Garai bateko lanak zein modernoak izan, horien zaharberritze prozesuen emaitzak bistaratzeko aukera dago. 2022ko edizioan, bost ekoizpenek osatuko dute bilduma, eta aurrenekoz, animaziozko lan bat barneratuko dute. Josep Escobar komikigileak zuzendu zuen film luze bakarra (Alexandre Cirici Pellirekin batera sortutakoa) berreskuratuko dute, Érase una vez… (1960), Errauskine ipuinaren egokitzapena dena. Kataluniako Filmategiak burutu du berreraikitze-lana, Luciano Berriatuaren partaidetzarekin eta Estela Filmsen laguntzaz, eta jatorrizko kolorean pantailaratuko dute. Izan ere, gaur egun arte, kopia bakar bat baino ez da ezagutu, eta zuri-beltzezkoa gainera.

Bestalde, 1985ean Juzo Itami japoniarrak zuzendutako Tampopo sukaldaritza-komedia 4K formatuan eskainiko dute. Western ukituak ditu, eta mundu-estreinaldia izango du Donostian: Bi kamioilarik ramen-plater perfektua prestatzen lagunduko diote jatetxe bateko jabeari. Espainiako Filmategiak eta Portugalgo Zinematekak zaharberrituta, aldiz, 1966an opera prima onenari emandako Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Nueve cartas a Berta ere proposatuko dute. Basilio Martín Patinoren filmak Ingalaterratik itzultzean erbesteratu baten alabaz maitemintzen den gizon baten istorioa kontatuko du.

Georgian ekoiztutako Pirveli mertskhali (1975) lanean, kirolari talentudun batek herrialdeko lehen futbol taldea sortu nahiko du, Potiko-itsas portuan. Nana Mchedlidze zuzendari, aktore eta gidoilaria da sortzailea. Azkenik, zinema mutuaren garaiko harribitxi bat aurkeztuko du Thierry Frémaux Cannesko Lyongo Lumière zinema jaialdiko zuzendariak: Dans la nuit (1930). Charles Vanel da zuzendaria, eta protagonista nagusia ere interpretatuko du: Lan-istripu baten eraginez, aurpegia desitxuratu eta bizitza aldatuko zaio meatzari bati. Saioan Joserra Senpera musikariak zuzenean interpretatuko du soinu banda, pianoa joz.