Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia dena irailaren 22an egingo dute, Tabakaleran. Adimen artifiziala, Blockchaina, streaminga, VFX/SFX eta bestelako teknologietan oinarritutako proposamenak aurkeztuko dituzte ebrtan.
Sail ofizialean eta Kutxabank-New Directors atalean parte hartuko duten filmen lehen aurrerapena egin ostean, Donostia Zinemaldia hasi da, pixkanaka-pixkanaka, 70. edizioko industria arloko jardueren berri ere ematen. Laugarrenez burutuko duten Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren baitan lehiatuko diren hamar proiektu teknologikoak aurkeztu ditu festibalak. Guztira, 55 eskaera jaso dituzte deialdian.
Espainiako startupentzako atal espezifikoa aurrenekoz izango da lehiakorra, eta bost proiektuk parte hartuko dute nazioarteko inbertitzaile eta talentu-ordezkari garrantzitsuak bilduko dituen ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ jardueraren baitan. Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) parte da, Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzeko pentsatutakoa, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAA institutuaren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez.
Ondokoak dira bost finalistak:
- IZI Record: Adimen artifizialean funtsatutako edukia lankidetzan sortzeko teknologia. Oroitzapen ahaztezinak sortzen ditu RTSk hiru ezaugarritan funtsatuta: crowdsourcing-bideoa eta pantaila anitza; HiFi soinua; eta edizioa adimen artifizialaren medioz. Lankidetzan oinarrituriko edukia eratzeko teknologia.
- Quantic Brains Technologies: Adimen artifiziala eta machine learninga baliatzen ditu ikus-entzunezko edukiak eta bideo-jokoak automatikoki sortzeko.
- Kino_Greentoken: Ingurumen-kudeaketarako sistema ikus-entzunezkoen industriarako, blockchaina duen ePaidaidetza-eredu batean oinarritua.
- Motmo.Pro: Musika-plataforma bat da, eta bertan, artistek euren abesti onenak jotzen irakasten dute bideo tutorial interaktiboen bidez.
- The Video Network: Ikus-entzunezkoen edukiak 72 orduan baino gutxiagoan ekoizteko gai da, eta Espainiako estatuaren % 80an baino gehiagotan ematen du estaldura. Ikus-entzunezkoak kudeatzeko plataforma bakarra da mundu osoan.
Gainerako bost proposamen europarrak ere zehaztu ditu Zinemaldiak:
- Mine S: Ikus-entzunezkoen industriako artistek eta teknikariek controller propio eta pertsonalizagarria sor dezakete noiznahi; hala, baliabide erabilgarria da askotariko lan eta sorkuntzetarako.
- Pentopix: Tresnak kode askeko ikuspegia ematen die sormen-industriei eta automatikoki aldatzen du testu egituratua 3D bisualizazioetan. Storyboardak eratzeaz eta edukiak aurretiaz sortzeaz gain, sortzaileek ikusmenaren bidez araka ditzakete euren ideiak, 3D mugimenduko diseinu grafikoaren inguruko ezagutzak zertan izan gabe.
- Smash: IP marketplace bat da, eduki-sortzaile sortu berriak sormen-industrietan erabakiak hartzeko ardura duten pertsonekin harremanetan jartzen dituena.
- Violette: Benetako suzko armen alternatiba erabat seguruak sortuz, platoetan eta bideo-grabaketetan erabiltzeko teknologia.
- Watchers: Tresnak osagai sozial bat eransten dio edozein bideo-plataformari, erabiltzaileek aukera izan dezaten aldi berean bideoak ikusteko eta ahotsezko eta bideozko elkarrizketak izateko.
Hamar proiektuetako ordezkariek Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC edo business innovation centerretako batean inkubaziogunean doan sartzeko aukera izango dute, urtebetez, eta irabazleek, gainera, 10.000 euro jasoko dituzte. Horrez gain, 3.000 euro bideratuko dituzte ditu pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako eta hautatutako proiektu onena saritzeko. Irabazle eta finalistek, 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute euren proiektua Euskadin garatzeko ere.