Donostia Zinemaldiak jakinarazi duenez, Latinoamerikako zinema-merkatu garrantzitsuena den Ventana Sur ekimenenaren baitan gauzatuko dute egitasmoa. Espainiar proiektuen arduradunek gaurdanik zabalik dute proposamenak bidaltzeko aukera. Epemuga, irailaren 19a.

Ventana Sur 2022-zinea

Argentinako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Cannesko zinema jaialdiko Marché du Film zinema-merkatuak Buenos Airesen antolatutako ekimena da Ventana Sur. Bada, Spanish Screenings erakusleihoa baliatuta, delegazioa osatuko duten profesionalen kopuruari eta merkatuaren sailetan aurkeztuko diren proiektuen kantitate eta kalitateari dagokienez, ekoizpen espainiarrek “askoz presentzia handiagoa” izango dutela nabarmendu du Zinemaldiak.

Film luzeak, telesailak, animazio-lanak, genero fantastikoko eta beldurrezko filmak etab. galdegin dituzte, horiek lau sailetan erakutsi ditzaten: Animation!, Blood Window eta SoloSerie S eta Punto Género.

Bestalde, dagoeneko bukatuta edota post-produkzio fasean dauden edukiak, work in progress deialdietan parte hartzeko aukera ere izango dute, urriaren 10era arte izena emanez. Hain zuzen ere, nazioartean sustatzeko eta film espainiarren eskubideak eskuratu eta remakeak beste lurralde batzuetan sortzea dinamizatzeko jomuga duten proposamenei dago irekita.

Azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitartean ospatuko dute, aurten, Buenos Airesen, Ventana Sur ekimena, eta hainbat jarduera aurreratu dituzte antolatzaileek: networking erako topaketak nazioarteko industriako gako-eragileekin, lan-gosariak, film espainiarren remakeak dinamizatzeko berariazko ekitaldi bat, market screeningak, case studyak, eta beste sustapen-ekintzak…

Informazio gehiago, hemen.