Geuretik Sortuak ekimenetik jaiotako Bost teilatu bildumaren parte da Raul Barrerasek Hernanin errodatutako lana. Hilaren 12an, Puigcerdà herriko Casino Ceretà aretoan pantailaratuko dute, film laburrei eskainitako programan.

Arnasa Raul Barreras-zinea

Bost teilatu bildumaren aurre-estreinaldia Leitzan egin zuten iragan martxoaren 31n, eta ordutik, herriz herri ari dira Adabaki ekoiztetxeak ekoiztutako 80 minutuko iraupena duen filma erakusten. Aurkezpen bakoiztera proiektuan parte hartu duen zinemagile bat ari dira gonbidatzen. Aldiz, film laburrok bakarkako ibilbidea ere hasi dute, eta horren adibide da Kliska Filmes-en sorkuntza den Arnasa, egunotan ospatzen ari den Cerdanya Film Festival jaialdiaren 13. edizioan lehiatzeko aukeratu dutena.

Hilaren 12an, Puigcerdà herriko Casino Ceretà aretoan pantailaratuko dute, 17:30ean, film laburrei eskainitako zortzigarren programan. Eneko Sagardoy eta Zorion Egileor ditu Barrerasen lanak aktore: Basoan galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hau hiritik itzulia lehena bere azken egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa era ederrean azalduko du zinemagileak, identitate sexuala ere ardatz. Julio Linares margolariak sortu du film laburraren kartela.

Euskal zinemagileak elkarlanean

2020an jaiotako ekimena da Geuretik Sortuak kultur proiektua. Proposamenaren iturburuan pandemiak eragindako hausnarketa dago, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela agerian utzi baitzuen osasun krisiak, are gehiago, bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurraldean. Hiru astera bitarteko egonaldiak izan ziren, eta 26 izan ziren, orotara, programan parte hartzeko hautatuak izan ziren artistak: 16 idazle, 5 zinemagile eta 5 antzerki konpainia.

Hala, Euskal Herriko bost udalerri ezberdinetan garatu eta errodatutako laburrak biltzen ditu bertatik jaio den Bost Teilatu zinema proposamenak: hurrenez hurren, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendutako Krak pieza Tafallan errodatu da, Barrerasen Arnasa Hernanin, Josu Martinezen Hitzak Baigorrin, Leire Egañaren Erlojupekoa Galdakaon, eta Eñaut Castagnetek sinatutako Muga Beran eta Lesakan.