Zinemagilea bere opera prima izango denaren lehen irudiak hartzen ari da egunotan Euskal Herrian. Talde teknikoa hainbat euskal profesionalek osatuko dute, besteak beste, Alazne Amezoty soinu arduradunak eta Maite Arroitajauregi musikariak.

Reescrituras victor iriarte-zinea

Donostia Zinemaldian hautaketa-batzordeko kide eta Elías Querejeta Zinema Eskolako irakasle den Victor Iriarte bilbotarrak esku artean duen proiektu berria aurkeztu du. Isaki Lacuesta zinemagilearen laguntzaile izaten hasi zuen bere ibilbide profesionala, Cravan versus Cravan (2001) lanean, hain zuzen ere, eta  argazki-arloaz ere arduratu da hainbat filmetan. Programatzaile ere bada, eta orain, zuzendaritzara egin du salto. Reescritura bere opera prima errodatzen ari dela jakinarazi du, Euskal Herrian, bederen. Madrilen, Portugalen eta Parisen irudiak hartzekotan dira datozen asteetan.

Neonoir generoan kokatutako melodrama izango Iriartek zuzendutako lehen film luzea, eta Isa Camporekin eta Andrea Queraltekin batera idatzi du gidoia. Talde teknikoa oihartzun handiko profesionalek osatuko dute: Alazne Ameztoy soinu arduradun zarauztarrak eta Maite Arroitajauregi musikari eibartarrak, besteak beste. Batak zein besteak Goya saria irabazi zuten 2020an, La trinchera infinita (Aitor Arregi Galdos, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño) eta Akelarre (Pablo Agüero) lanei egindako ekarpenagatik.

Duero ibaiaren ertzean bizi diren 50 urte inguruko bi emakumeren topaketa kontatuko du Reescritura-k: gaztetan, Verak (Lola Dueñas) bere haur jaioberria adopzioan eman behar izan zuen, haren kargu ezin izan baitzen egin. Corak (Ana Torrent), aldiz, medikuak hala aitortuta, ezinezkoa zuen seme-alabarik edukitzea, eta adoptatzeko aukera proposatu zion. Batak zein besteak, ama izatearen esperientzia partekatuko dute, eta Egoz (Manuel Egozkue) gaztea da bien arteko lotura. Portugalera egindako bidaian, iragana gogoratu eta etorkizuna berridatzi nahiko dute.

Iriartek urte luzez bidelagun izan duen Lacuesta da filmaren ekoizlea, eta Camposek (La Termita Films), Tamara Garcíak (Atekaleun) zein Katixa de Silvak (CSC Films) ere babestu dute proiektua. Frantziako eta Portugalgo ekoiztetxeen parte hartzea du, baita ICAA, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, TVE zein Televisió de Catalunya-rena ere.

Reescritura koprodukzioetarako laguntza ematen duen Eurimages Funtsaren onuradun izan berri da, eta aurretik, FID LAB Marseille topaketetan Micro Climat Studios garapenerako saria jaso du.