Programazio Artistikoaren 4. Deialdiaren baitan, antzerki, dantza, musika, zinema, umore, bertsolaritza eta poesia proiektuak aurkez daitezke, irailaren 12ra arte. Horiek getxoztarrek sortutakoak edo parte hartutakoak izan beharko dute.
Kultura sektorea indartzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du Getxoko Udalak, Hala, herritarrek bultzatutako proiektu artistikoak sustatzea helburu duen Programazio Artistikoaren 4. Deialdia abian jarri du kultur etxeak. Eskaerak egiteko epea zabalik da dagoeneko, eta 120.000 euroko aurrekontua bideratuko dute horiek babesteko. Aukeratutako ekimenak 2023an erakutsiko dituzte Romo Kultur Etxean, Muxikebarri aretoan eta aire librean.
Getxoko bizilagunek idatzitako edo diseinatutako artelan artistikoak lantzen, ekoizten edo banatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei zuzenduta dago deialdia, eta diziplina askotariko sorkuntzak onartuko dituzte, tartean, proiektu zinematografikoak. Horiek, ikuskizun formatuan edo lehiaketa, ziklo edo jardunaldi modura aurkez daitezke.
Irailaren 12ra bitartean jasotako proposamenak Kultur Etxeko teknikariek aztertuko dituzte, hautaketa egin, eta 2023ra bitartean gara ditzaten. Proiektuak honako irizpide hauen arabera aukeratuko dituzte: udalerriarekiko lotura, kalitatea eta interesa, tokiko kultura-eragileen arteko lankidetza, euskararen presentzia eta erabilera eta genero-ikuspegia, besteak beste.
Pertsona juridikoek eskaerak telematikoki egin beharko dituzte Getxoko Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez, baita aurrez aurre ere, pertsona fisikoak izanez gero. Deialdiaren oinarriak dagoeneko eskuragarri daude online.