Ikus-entzunezkoen garapenerako eta ekoizpenerako zein gidoien idazketarako laguntza ekonomikoen 2022eko deialdia argitaratu zuen Gasteizko Udalak apirilean, eta honen ebazpenaren berri izan dugu berriki. Hamar egitasmo lagunduko dituzte orotara, ia 100.000 eurorekin.
Tokiko ikus-entzunezkoaren sektoreko profesionalen sormena eta jarduna bultzatzea du helburu deialdiak, norgehiagokaren araubidean, ikus-entzunezko proiektuen garapena eta ekoizpena sustatzea. Hiru laguntza-adar berezi zituzte, zinemarako, telebistarako eta plataforma digitaletarako proiektuentzako atala (50.000€); film laburren ekoizpenerako atala (40.000€); eta gidoien idazketari zuzendutako atala (10.000€) , eta bakoitzaren oinarri eta baldintza propioetara egokitu behar zen eskatzailea.
Deialdira lanak aurkezteko epea apirilaren 26an itxi zuten, eta 100.000 euroko aurrekontua bideratu dute lanen garapenerako eta ekoizpenerako. Bada, ebazpena kaleratu berri dute eta, orotara, hamar proiektuk jaso dute laguntza. Ikus-entzunezko filmen garapenerako atalean, hain zuzen, 50.000 euro banatu dituzte bost egitasmoren artean: Cicatriz, El Reto, Vino amargo, Las muertes que no cuentan, eta, azkenik, El arte sencillo. Film laburren atalean, bestalde, beste 50.000 euro banatu dituzte Betiko gaua, Locas del ático, Plazer bat, Hado eta Hadas lanen artean.
Itxaron zerrendan geratu dira, ostera, beste lau proiektu, gutxieneko puntuazioa lortu arren, aurrekontua agortu delako. Amaitzeko, deialditik kanpo geratu dira hamaika egitasmo, arrazoi ezberdinak medio. Ebazpenaren inguruko xehetasunak hemen ikusgai.