Chema García Ibarra zinemagile espainiarrak zuzendutako eta euskal ekoizpena duen lanak Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideen errekonozimendua jaso du Motovun Film Festivalean.

MFF-2022-Espiritu sagrado-zinea

Sortzailearen lehenengo film luzea bere film labur arrakastatsuen unibertsoaren hedapena da: Herrikideak desagertutako neskatxa baten bila dabiltzan bitartean, OHE-ak bilatzeko gau bat antolatuko dute “Ovni-Levante” ufologia-zale elkarteko kideek. Baina, José Manuelek sekretu bat izango du gordean: gizakiaren patua bere eskuetan egongo da.

Apellaniz & De Sosa, Jaibo Films, La Fábrica Nocturna Cinéma eta Teferruat Film taldeak dira Espíritu sagrado lanaren ekoizleak, eta Euskal Herriko zinema aretoetara 2021eko azaroaren 26an iritsi zen. Aurretik, nazioarteko hainbat zinema jaialditan erakutsi eta saridun izan bazen ere, oraindik bizi-bizi ari da bateko zein besteko ekitaldietan parte hartzen. Esaterako, Kroaziako Motovon hirian ospatu ohi den festibalen lehiatu berri da, uztailaren 26tik 30era bitartean, eta ez da esku hutsik bueltatu.

Zinema independentea goretsi eta aurrekontu murritzarekin ekoiztutako lanak ezagutarazteko helburuz jaio zen festibalean Fipresci saria eman diote nazioarteko zinema kritikariek. Midhat Ajanović, Tim Lindemann eta Marko Stojiljković kazetariek izan dute lehiatutako filmen artean onena erabakitzeko ardura, eta García Ibarrarena azpimarratzea erabaki dute: “Aurten zortedun izan gara, bere originaltasunagatik nabarmendu den film bat ikusi ahal izan dugulako. Batetik, kontraste handia dago kolore-paleta beroaren eta pertsonaien maitasunaren artean; bestetik, historia ilunaren eta  diseinu erretroaren zein mundu modernoaren ikuspegi argi eta zehatzaren artean. Gainera, modu errazean barneratuta dago umore ez-adierazkorra”.