Irailaren 16tik 24ra bitartean ospatuko dute 70. Donostia Zinemaldia, eta dagoeneko, arduradunek jakinarazi dute Urrezko Maskorra eskuratzeko aukerak izango duten lanen zerrenda. Nagusiki, Latinoamerikan eta Europan sortutako ekoizpenak erakutsiko dituzte.
Hasi da Donostia Zinemaldia 70. edizioan parte hartuko duten lanak iragartzen. Espainiako estatuko filmen aurrerapena ezagutu genuen iragan uztailean, eta horien artean Urrezko Maskor preziatua, jaialdiko garaikur gorena, lortzeko lehiatuko diren ekoizpenak zerrendatu zituzten. Pilar Palomero zaragozarrak La maternal erakutsiko du, eta Jaime Rosales kataluniarraren Girasoles silvestres-en bezala, amatasuna izango da abiapuntua. Fernando Francoren La consagración de la primavera eta Mikel Gurrea Suro ikusteko aukera ere egongo da. Zinemagile donostiarrak Ikusmira Berriak egonaldietan garatu zuen bere opera prima, Manuel Abramovichek Pornomelancholia bezala, izan ere, festibalak gaur goizean prentsa-ohar bidez jakinarazi due argentinarraren laugarren film luzea, –sex influencer baten erretratua dena- sail ofizialean izango dela.
Diego Lerman herrikideak, aldiz, badaki sail ofizialean aritzea zer den. 2017an gidoi onenaren saria eskuratu zuen A Sort Of Family-rengatik, eta orain, Buenos Airesko aldirietan lan egiten duen irakasle baten jazoerak bilduko ditu El suplente-n. Proiektuak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen 2019an. Laura Mora kolonbiarrak, bestalde, Los reyes del mundo aurkeztuko du, Medellin hiriko bost kale-mutil protagonista dituen ipuin subertsibo eta fantastikoa. 2017an Matar a Jesus opera primak Gazteriaren Saria irabazi zuen, baita aipamen berezia ere Kutxabank-New Directors sailean.
Perlak eta Horizonten Latinos sailetan parte hartu izan du Sebastian Lelio txiletarrak Gloria (2013) eta A Fantastic Woman (2017) film sarituekin, eta The Wonder-rekin egingo du lehiaketa nagusian debuta. XIX. mende erdialdean girotuta dago, Irlandako herri batean: zurrumurruek diote neskato batek ezer jan gabe biziraun duela zenbait hilabetez.
Europara itzuliz, Christophe Honoré da, gaur gaurkoz, Urrezko Maskorra eskuratzeko aukerak dituen zinemagile frantziar bakarra. Le Lycéen erakutsiko du, aita hil ondoren krisian sartuko den nerabe bati buruzko lana. Aktoreen artean Paul Kircher, Vincent Lacoste eta Juliette Binoche daude. Azken hau, 70. edizioko kartel ofizialeko irudia da, eta Donostia Saria jasoko du. Bestetik, Britainia Handian filmatua eta girotua, Marco Martins portugaldarrak inmigrazioa izango du hizpide Great Yarmouth-Provisional Figures-en, eta Frelle Petersen danimarkarrak familia-erretratu korapilatsu baina baikorra aurkeztuko du Resten af livet-en.
Ezaguna da Ulrich Seidlen filmografia Donostian. Izan ere, austriarraren zenbait lan pantailaratu izan ditu festibalak atzera begirako edota Zabaltegi-Tabakalera saielan. Sail ofizialean baina, ez du inoiz parte hartu, aurtengo ediziora arte: Sparta filmarekin 2022ko Berlingo zinemaldian estreinatu zuen Rimini pelikularen jarraipena proposatuko du hirian. Txekiar Errepublikatik, aldiz, Petr Václaven Il Boemo drama biografikoa ezagutzeko tartea egongo da. Josef Myslivecek du protagonista, 1770eko hamarkadako opera italiarreko konposatzaile emankorrenetakoa izan zen musikagilea.
Zerrenda osatzeko, ekoizpen hegokorear, japoniar eta estatubatuar bana. Gero eta abstraktuago, zurrunago, bilakatzen ari den bere estilo zainduaren azken erakustaldia dakarkigu Hong Sang-sook. Gaiak eta pertsonaiak ere ohikoak ditu: Top filmak zinemagile batek hainbat pertsonarekin topo egiten dueneko istorioa izango du ardatz. Gaur egungo funtsezko hainbat animazio-film japoniarren ekoizlea den Genki Kawamura, aldiz, lehenengoz izango da zuzendari: Hyakka lanean alhzeimerra duen emakume baten istorioa jorratuko du. Azkenik, Marian Mathias zinemagile estatubatuar gazteak herrialdeko midwesteko bi gaztek elkar topatzen dutenekoa kontatuko du Runner-en.
Lehiaketaz kanpoko filmak
70. edizioa, Alberto Rodríguez zinemagile sevillarraren Modelo 77 lanak irekiko du, baina lehiaketaz kanpo erakutsiko dute, Rodrigo Sorogoyenek, Raúl Arévalok, Isa Campok, Alberto Rodríguezek eta Isaki Lacuestak Movistar+ etxearentzako sortutako Apagón bost ataletako telesaila; eta Isabel Coixetek zuzendutako ez-fikziozko El sostre groc lana bezala.
Gainera, Yannick Kergoat frantziarrak ihes fiskalaren zirkuituak arakatuko ditu La (très) grande évasion dokumentalean.