Hamabost herrialdetako hamahiru ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 16tik 27ra 70. edizioa izango duen Donostia Zinemaldiko Kutxabank-New Directors sailean. Horien artean izango da Maria Elorza gasteiztarraren A los libros y a las mujeres canto, erresistentzia intimo bati eskainitako lana.
Hamahiru lehen eta bigarren film izango dira orotara, horietatik hamabi opera primak izango dira eta bai, aldiz, egilearen bigarren filma da. Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendari Ainhoa Arruabarrenak iragarri dituzte horietako batzuk gaur goizaldean, bi erakundeen arteko babesletza-akordioaren berritzea gorpuzteko deitutako agerraldian.
Jeanne Aslan turkiarra (Sorgun, 1976) eta Paul Saintillan frantziarra (Versalles, 1971) dira beren lehen lana New Directors sailean erakutsiko duten zinemagileetako bi. Elkarrekin zuzendu dute Fifi / Spare Keys, udan bere lagun baten anaiarekin harreman bat hasiko duen nerabe baten istorioa.
Laura Baumeister nikaraguarrak (Managua, 1983) bere lehen filma aurkeztuko du, La hija de todas las rabias, zabortegi batean bizi den zortzi urteko neskato baten gaineko kontakizuna. Filma Donostia Zinemaldiaren babesari esker egin ahal izan du hein batean, besteak beste, proiektu onenaren saria eskuratu baitzuen VIII. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2019), baita WIP Latam Industriaren saria (2021) ere. Bestalde, Moldaviako Errepublikako Ion Borș zuzendariak (Chisinau, 1990), iaz WIP Europa Industriaren saria eta WIP Europa saria eskuratu zituenak, CARBON bere lehen film luzearekin hartuko du parte. 90eko hamarkadako hasierako Transnistriako gerran girotutako komedia beltza.
Katrine Brocks zinemagile daniarra (Kopenhague, 1989) bere lehen film luzearekin lehiatuko da, Den Store Stilhed / The Great Silence izenekoarekin. Komentuan anaia bikiaren bisitaldi deserosoa jasoko duen nobizia gazte bati buruzkoa da. Frantzian bizi den Dinara Drukarova aktore errusiarrak (San Petersburgo, 1976), aldiz, kameraren atzean sortu duen lehen filma aurkeztuko du, Grand Marin. Zuzendari lanak egiteaz gainera, rol protagonista ere interpretatu du, dena utzi eta arrantza-ontzi batean Ipar itsasora abiatzen den emakume bat.
Era berean, Suitzako Carmen Jaquier (Geneva, 1985), Foudre / Thunder film luzearekin estreinatuko da. XX. mendeko hasierako Suitzako emakume baten emantzipazioaren kontaketa da. Jeong-sun filma da Ji-hye Jeong zuzendariaren (Busan, 1995) estreinako filma. Fabrikako lankide batekin ezkutuko harreman bat hasiko duen emakume bati buruzko film honek Koreako Jeonjuko zinema-jaialdia irabazi zuen.
Takeshi Kogahara zinemagile japoniarrak (Nagasaki, 1982) ere bere debuteko film luzea ekarriko du, Nagisa, zorigaitzak banandutako anaia-arreba batzuen maitasun-istorioa. Bestalde, Rocío Mesa zuzendari eta ekoizleak (Granada, 1983) errealismo magiko kutsua duen Secaderos filmarekin, tabako-lehortegietan girotutako bere fikziozko lehenbiziko lanarekin, lehiatuko da New Directors sailean.
Masahiko Sato (Shizuoka, 1954), Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) eta Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) hirukoteak Miyamatsu to Yamashita / Roleless aurkeztuko du, zinemako estra moduan ere lan egiten duen teleferiko bateko langile baten gorabeherei buruzkoa. Parth Saurabh zinemagile indiarrak (Darbhanga, 1993), aldiz, Pokhar Ke Dunu Paar / On Either Sides of the Pond, pandemiak eragindako zailtasun ekonomikoengatik Delhitik jaioterrira itzuli behar duen bikote bati buruzkoa; han, bere erlazioa hondatzen hasiko da.
Gainera, Josip Žuvan kroaziarrak (Trogir, 1987) Garbura / Carbide bere debuteko filma aurkeztuko du. Bi lagun bereizezin ditu protagonista, beren harremana babestu nahi dutena bien familien arteko gatazken gainetik. Izenburu horiei guztiei batuko zaie Maria Elorzaren (Vitoria-Gasteiz, 1988) lehen film luzea, dagoeneko iragarrita zegoen A los libros y a las mujeres canto, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabeari buruzkoa.
Kutxabank-New Directors saria
Hamahiru film horiek, eta aurrerago gehituko zaizkien beste batzuk, Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai izango dira. 50.000 euroko saria da, zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean banatu beharko dutena. New Directors saileko filmak Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.