DC SUPERMASKOTEN LIGA (Jared Stern, Sam Levine)

Animazioa | Komedia | Ekintza

Zinema Euskaraz programaren baitan estreinatuko den bosgarren filma.

Bahitutako Superman eta Justiziaren Ligako gainerako kideak erreskatatzeko bidean, kaleko animali kuadrila hetereogeneo batek bizitako abenturak bilduko ditu lanak.

Jared Stern eta Sam Levine estatubatuarrek aurkeztutako animazioa  Hego Euskal Herriko hainbat aretotan izango da ikusgai: Donostiako Antiguo Berri zinemetan, Bilboko Golem Alhondigan  Gasteizko Gorbeia zinemetan, Iruñeko Golem La Morean,  Getxoko Zinemak aretoan eta Errenteriako Niessenen, besteak beste.

.

.

The Forgiven (John Michael McDonagh)

Drama | Thrillerra

Dibortzioaren atarian dagoen bikote aberats batek, David eta Jo Henningerrek, Londresetik Marokora bidaiatuko du, lagun batzuen Saharako etxe dotorean luxuzko asteburua igarotzeko asmotan. Alkohol gehiegi edan ondoren, tragedia bat gertatuko da…

Ralph Fiennes eta Jessica Chastain aktoreak jarriko dira bikote protagonistaren azalean.

2021| Torontoko Zinemaldia: aurrestreinaldia

.

.

Héroes de barrio (Ángeles Reiné)

Komedia |

Paula protagonista txikiak nesken haur-futboleko talde batean jokatzen du.  Denboraldi amaierako sari gisa, bere aitari eskatuko dio Joaquín, Betis taldeko jokalaria, ekarri dezan entrenamendura. Izan ere, laguna duela kontatzen dio aitak beti.

Aitak, bere aldetik, emazte ohiaren maitasuna berreskuratzeko lanetan dihardu, bere aita Luis eta Lito lagunaren laguntzarekin.

Antonio Pagudo, Luna Fulgencio, Antonio Dechent, Álex O’Dogherty, Lisi Linder, Jesús Olmedo, Ken Appledorn eta Adrián Pino aktoreen,  eta Joaquín futbolaria beraren parte-hartzea izango du filmak.

2022 | Malagako Jaialdia: aurrestreinaldia

.

.

La fracture (Catherine Corsini)

Komedia | Drama

RAF (Valeria Bruni Tedeschi) eta Julie (Marina Foïs), apurtzeko zorian dagoen bikotea, larrialdietan daude itolarriaren ertzean, Parisko “txaleko horien” manifestaldi baten erdian. Yann (Pio Marmaa) manifestari zauritu eta haserretuarekin topo egingo dute bertan, eta beren ziurtasunak eta aurreiritziak mila zatitan irauliko ditu honek. Kanpoan, tentsioak gora egiten jarraitzen du. Ospitaleak, presiopean, ateak itxi behar ditu. Langileak gainezka daude. Gaua luzea izango da…

2021 | Cesar Sariak: talde-aktore onenari saria; 6 hautagaitza

2021 | Cannesko Jaialdia: Sail Ofiziala

.

.

Vortex (Gaspar Noé)

Drama | Zahartzaroa

“Bizitza laster ahaztuko den jai labur bat da”

Dementzia duten adineko bikote baten azken egunak erretratatzen ditu filmak.

2021 | Donostia Zinemaldia: Zabaltegi atala, film onena

.

.

Huda’s Salon (Hany Abu-Assad)

Beldurra | Traizioa

Reem, gizon jeloskor batekin ezkondutako ama palestinar gazte bat, Belengo bere lagun Hudaren ile-apaindegira joango da. Bisita arrunta behar zuen hori esperientzia desatsegina bilakatuko da Reem ondoezik sentitzen hasiko denean. Hudak tranpa bat jarri dio: Konplize baten laguntzarekin argazki konprometituak aterako dizkiote, xantaia egin eta horrela Israelgo zerbitzu sekretuarekin kolaboratu dezan lortzeko, bere herria traizionatuz.

2021 | SEMINCI – Valladolideko Zinema Jaialdia: Sail Ofiziala