Anekumen, Irati Gorostidik zuzendutako eta Apellaniz y de Sosako Claudia Salcedok ekoitzitakoa, izango da Start Me Up programan parte hartzeko hautatutako azken proiektua. Egoiliar gisa dihardu ere Ikusmira Berriak programako azken edizioan.

Ikus-entzunezko industriaren dinamizazioarekin lotuta, lankidetzan aritzeko akordio gisa sortu du ECAM -Madrilgoko Erkidegoko Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Eskola-  Fundazioak Start Me Up proiektua, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko hainbat ekimenen arteko sare-lan gisa. Hain zuzen, ekimen nazional zein nazioarteko hainbatekin harremana landu eta hautatutako proiektuen parte hartzea sustatuko du bertan. Ekimen horietako batzuk dira, esaterako: Cannesko zinema-jaialdiak antolatutako Short Film Corner | Rendez-vous Industry foroko Focus COPRO izenekoa; Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta EQZE Elías Querejeta Zine Eskolak sustatutako Ikusmira Berriak; eta Málagako Zinema Jaialdia.

La Incubadorari atxikitako nazioarteko garapen-programa gisa aurkeztu dute sustatzaileak eta, hain zuzen, horixe du lotura Irati Gorostidiren Anekumen proiektuarekin. 2022an Ikusmira Berriak programan parte hartu ondoren, La Incubadorako taldeak hautatu du proiektua, Cecilia Barrionuevoren eta Ikusmira Berriak lantaldearen lankidetza eta babesari esker: “Bereziki pozten gaitu miresten dugun zuzendari bati bere lehen film luzea garatzen laguntzeak, eta baita, militantea eta pertsonala izanik, kontatzeko eta ekoizteko modu desberdinak aztertzeko jomuga duen zinema batean sakontzen jarraitzeak ere”, adierazi du Rafa Alberola ECAM Industriako arduradunak.

Ekimena azaroaren 20tik 25era gauzatuko da Madrilen, eta halako proiektuak indartzean ardaztuta egongo da, baita garapen- eta finantzaketa-etapa indartzeko behar izaten dituzten ekoizpen- eta marketin-baliabideak ematean ere.

Anekumen

Donostia, 1978. Fabrika batean hitzarmen polemiko bat sinatuko dute, eta militante libertarioen talde bat bildu egingo da komunikatu bat inprimatzeko. Lantokian agerikoa da langileen mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari dela eta beren proiektu politikoa garrantzia galtzen ari dela. Desilusioak jota, euren bizitzetako eremu intimoenetara bideratuko dituzte ahalegin iraultzaileak. Kide erradikalenek fabrika uztea erabakiko dute, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko.

Printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen den lana da proiektua, zuzendaria beraren hitzetan: “70ko urteetako mugimendu autonomoan dago girotua, eta langileek prozesu asanblearioengatik duten gaitzustea ez ezik, langileen mugimenduaren atomizazioa ere miatzen du. Halaber, desengainu politikoaren ostean izan ohi den erreakzioaren gainean hausnartzen du: gizarte-eredu txiki eta isolatu bat bilatzea, ideal politikoak abian jartzeko, bide horrek dakartzan kontraesan aldrebesetan sakonduta”.