Proyectak –Ventana Sur eta Marché du Film merkatuek eta Donostia Zinemaldiak elkarlanean abiarazitako ekimenak– sutatutako deialdian proiektuak inskribatzeko azken astea duzue honakoa. Latinoamerikako eta Europako fikziozko edo ez-fikziozko proiektuak galdegin dituzte, betiere, zinemagilearen lehenengo edo bigarren filmak badira.

Proyecta ekimena 2022-zinea

Donostia Zinemaldiaren, Buenos Airesko Ventana Sur eta Cannesko zinema jaialdiko Marché du Film zinema-merkatuen arteko elkarlanaren ondare da Proyecta ekimena; 2018an sortu zen Europaren eta Latinoamerikaren arteko lankidetza sustatzeko asmoz. Bada, aurten, aurrenekoz, deialdi irekia zabalduko dute uztailaren 4an, garapen bidean dauden proiektuek finantzaketa osatu eta nazioarteko bazkideak eta banaketa lor dezaten.

Eskatzaileek abuztuaren 1a arte izango dute beraien proiektuak bidaltzeko tartea, eta hautaketa-batzordeak irailaren 30ean jakinaraziko ditu aukeratutakoak. 2022ko azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitartean Argentinako hiriburuan ospatuko duten hitzordura joateko gastuak eta egonaldia ordainduko dizkio antolakuntzak proiektu bakoizteko ekoizle bati, eta honek, bertan, zinema industriako nazioarteko profesionalei aurkezteko aukera izango du, pitching saioak eta banan banako bilerak baliatuz. Proiektu irabazleak 5.000 euroko diru-saria jasoko du.

Deialdiaren xehetasunak

Proyecta ekimenaren baitako deialdian Latinoamerikako edo Europako fikziozko edo ez-fikziozko proiektuak onartuko dituzte soilik, zinemagileen lehen edo bigarren filmak izan beharko direnak. Gainera, zehaztu dute, ekoizpen europarren kasuan itsasoz bestaldeko herrialdeekin lotura izan beharko dutela (Latinoamerikako ekoizpen-etxe baten partaidetza, filmaketaren kokapenak han egotea edo gidoian jorratutako gaiak harekin lotura edukitzea, adibidez). Ekoizpenek, 60 minutuko iraupena izan beharko dute gutxienez, eta finantzaketaren %20 ziurtatuta izan.

Eskabidea gaztelaniaz edota ingelesez aurkeztu behar da, hainbat dokumentu atxikita dituela: ekoizlearen oharra (bi orrialde gehienez), zuzendariaren oharra (bi orrialde gehienez), tratamendua (8-12 orrialde), aurrekontuaren laburpena eta finantzaketa-plana (eurotan), eta aseguratutako finantzaketaren % 20 egiaztatzen duen dokumentazioa.