Euskadiko Filmategiaren ekimenez, Jazzinema zikloaren seigarren ekitaldia martxan da Donostiako Tabakaleran, Bilboko Arte Ederren Museoan, Gasteizko Artium Museoan eta Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan. Zinemaren eta jazzaren arteko harreman ezin hobeaz euskaraz gozatzeko aukera izango dute ikusleek, egun hauetan proiektatuko duten Urkamendirako igogailua (Louis Malle, 1957)  filmari esker.

Soinu-bandan jazz doinuak dituzten filmak, jazz musikariak protagonista dituztenak zein jazzak eragindako narratiba jarraitzen duten filmak bistaratzen ditu 2016az geroztik Euskaldiko Filmategiak antolatutako Jazzinema zikloak.

Haren bidez, jazz generoak aterpe paregabea aurkitu du Euskal Herrian. Uda sasoiko aire ufadek ez dituzte bizilagunak soilik askatzen, haizezko instrumentuak ere berotu eta egunek bezainbeste irauten dituzten solo korapilatsu eta ezinezkoak diruditenak asmatzen dituzte. Miles Davis tronpeta joleak urte luzez egin bezala. Hain zuzen ere, bera da Jazzinema zikloko kartel ofizialeko irudi nagusia, Jeanne Moreau aktorearekin batera. Ascenseur pour l’échafaud/ Urkamendirako igogailua (Louis Malle, 1957) filmeko protagonistak dira biak, mostraren baitan, egunotan euskaraz ikusgai izango den ikus-entzunezkoa.

Julien Tavernierrek, Indotxinako gerran paraxutista ibilitako gizon batek, maitasun harreman bat du Florencekin. Simon Carala izeneko enpresaburu baten emaztea da Florence; Julienen nagusiaren emaztea, hain zuzen. Beren harremana isilpean gordetzeaz nekatuta, bi maitaleek Simon hiltzea erabakiko dute, hilketa suizidio gisa aurkeztuta. Julienek, ordea, susmoak sorraraz ditzakeen soka bat kentzea ahaztu du, eta eraikinera itzuliko da. Une horretantxe, segurtasun zaindariak argia eten eta ateak itxiko ditu. Protagonista, ondorioz, igogailuaren barruan harrapatuta geratuko da. Bitartean, bi gaztetxok haren autoa lapurtuko dute.

Gaurtik hasita, filmaren emanaldi bana egingo dute Hego Euskal Herriko hiriburu bakoitzean:

  • UZTAILAK 21, GASTEIZ. 19:00etan, Artium Museoan. Aurkezlea: Alberto Ibarrondo.
  • UZTAILAK 22, DONOSTIA. 19:00etan, Tabakaleran. Aurkezlea: Begoña del Teso
  • UZTAILAK 23, BILBO. 19:00etan, Arte Ederren Museoan. Aurkezlea: Iñaki Saitua
  • ABUZTUAK 2, IRUÑEA.  20:00etan, Golem Yamaguchi aretoan.