Datorren uztailaren 29an estreinatuko dute DC Supermaskoten Liga, 2022an Zinema Euskaraz programaren baitan estreinatuko den bosgarren filma. Bahitutako Superman eta Justiziaren Ligako gainerako kideak erreskatatzeko bidean, kaleko animali kuadrila hetereogeneo batek bizitako abenturak bilduko ditu lanak.

Krypto Supertxakurra eta Superman lagun banaezinak dira. Superbotere berberak dituzte eta elkarrekin borrokatzen dute krimenaren aurka Metropolisen. Superman eta Justiziaren Ligako gainerako kideak bahitzen dituztenean, Kryptok kaleko koadrila heterogeneo batekin topo egin (Ace Bati-untxaria, CV txerri vietnamita, Merton Dordoka eta Chip Urtxintxa) eta superheroiak erreskatatzen laguntzeko konbentzitzen ditu. Horretarako, beren barruan deskubritu berri dituzten botereak erabiltzen ikasi beharko dute.

Jared Stern eta Sam Levine estatubatuarrek aurkeztutako animazioa euskaraz izango da ikusgai hurrengo ostiraletik, uztailaren 29tik, Hego Euskal Herriko hainbat aretotan: Donostiako Antiguo Berri zinemetan, Bilboko Golem Alhondigan  Gasteizko Gorbeia zinemetan, Iruñeko Golem La Morean,  Getxoko Zinemak aretoan eta Errenteriako Niessenen, besteak beste.

Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztutako lana da, 2022ko bosgarrena. Aurretik, Ilargirantz (Ali Samadi Ahadi, 2021); Ainbo: Amazoniako gerraria (Jose Zelada eta Richard Claus, 2021), Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk (Max Lang, Daniel Snaddon; Aliona Baranova; Barbora Valecká, Filip Pošivač eta Fabrice Luang-Vija, 2021) eta Ama Mu etxera itzuli da (Christian Ryltenius, 2022) euskaratu ditu elkarteak.