Zuzendaria: Michael Sarnoski
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB
-Gizona eta bere txerria-
Animaliekiko maitasuna film askoren motore dramatikoa izan da, Vittorio Da Sicatik (Umberto D, 1952) Bong Joon-Ho bitarte (Okja, 2016), beste hainbat adibide anitzen artean. Talde honetan sartu ahalko genuke, lehen begiratuan, Pig, Michael Sarnoskiren lehen film luzea. Edonola ere, ezin gintezke, akaso, horren ziur egon, animaliaren osagaia macguffin hitchcockiano horietako bat izan baitaiteke…
Rob (Nicolas Cage, bere irudiarekin bihurri jokatuz eta bere pertsonaia gehiegizko eta ia parodikoetatik nabarmen ihes eginez) mendian erabateko bakardadean bizi den gizona da, jada zahartzen hasia dena. Egia esateko ez dago erabat bakarrik: txerri eme bat du bizilagun, basoan trufak bilatzen dituena. Hau da, hain zuzen, gizonaren ogibidea, astero bere txabolara joaten den gazteari saltzen dizkio naturaren altxor horiek. Edonola, bere (itxurazko) bakea hautsi egingo da, gau batean txerria lapurtuko baitiote. Honek Rob behartuko du bere eremua uzten eta hirira joaten bere txerria berreskuratzeko xedez.
Pelikula, hala, pertsonaiaren inguruko tratamendua da. Bere barren torturatuaren ezagutzea izango da filmak eskaintzen duen bidaia (anti)iniziatikoaren abentura. Hastapen irudietan zoriontasunaren irudi izan zitekeena da erakusten zaiguna, natura basatienean bizi den gizonaren bizitza. Edonola, ez dago idilikotasun zantzurik, irudi ilunak dira, itzalez beteak, pertsonaiaren saminaren adierazle. Behin lapurreta gertatuta, oraina eta iragana uztartuko dira elkarren arteko erlazio ederrak iradokiz.
Flashback-ik gabe, pelikulak bere mekanismoak aurkituko ditu, gidoian eta eszenaratzean, pertsonaiaren iparrorratz moralaren jatorriak adierazteko. Eraginkorrenak kamera baliatuta ematen direnak dira, esaterako plano subjektiboen bitartez: Rob zibilizazioara itzultzen denean taberna batetako ate trasluzidotik begiratuko du, barneko figurak desitxuratuak daudela; pentsa genezake ez duela ahalmenik izango gizartearen kodeak ulertu eta garatzeko, apenas ikusi baitugu momenturarte hitz egiten. Gaitasun sozial mugatuko gizona da, ezbairik gabe. Edonola, momentuan bertan atea irekiko da, eta oraindik plano subjektiboan, pertsonak erabat definituta azalduko dira eremuan. Uste baino hobeto moldatzen da Rob hiriaren barrenetan eta ezagutzen ditu giza desira eta miserien mundua.
Duintasuna, gizarte presioak eta maitasuna aztertuko baditu ere, Pig-i leporatu ahalko genioke, apenas hartzen duela arriskurik bere metraian zehar, ezerk ez gaituela zeharo harrituko eta filmaren amaiera koherentea bada ere, indarra falta zaionaren sentsazioa utziko digu. Edonola, bada pelikulak bere baitan egiten duen barne bidaia, ederra eta adierazkorra: hastapenetik biolentzia errelatoaren erraietara sustraituta badago ere (lapurreta bera eta Rob-ek hirian egingo dituen lehen saiakerak, pelikula osoan zehar aurpegian zauri odoltsuak utziko dizkiotenak) azken pasarteko erantzunek ur sentimentaletara eramango gaituzte xamurki. Itxiera antiklimatikoak hala narrazio komertzialetako moldeetataik ihes egingo du. Hala ulertuko dugu Nicolas Cage-en begirada hortan dagoen kutsu goibel eta ia nihilistak pelikula bera zeharkatuko duela eta zorigaitza iraultzea biziki zaila dela egoera orotan.